Armagintza

Armagintza

Armagintzaren jarduera gure herriaren ardatza izan da XX. mendeko 70. hamarkada arte mendeetan zehar, zehazki, ezagutzen ditugun Soraluzeko armagintza jarduerari buruzko lehenengo dokumentu idatziak XV. mendekoak dira, baina oso litekeena da askoz lehenagotik ere jarduera hau jorratu izana.

Soraluzeko orografia malkartsuak ez du laguntzen nekazaritza eta abeltzaintzarako eta beraz, jada duela mende asko metalaren lanketari ekin behar izan zioten. Gainera, ingurune menditsuak eta erreka ugari egoteak, oletarako indar mekanikoa lortzea ahalbidetzen du. Bi arrazoi hauek, batetik beharrak eta bestetik metalaren lanketarako ingurune egokiak, Soraluzeko gizartea armagintzarekin lotu zuten denbora luze batez.

Ekoitzitako armagintza produktuak ugariak izan ziren, arma zurietatik hasi eta kanoietaraino. Teknologikoki sekulako garapena jasan du industriak gure herrian, brontze aroko metalaren lanketa oinarrizkoetatik makina erreminta garaikedeetaraino. Baita suzko arma moten barruan ere, hasierako almetxa arkabuz zaharretatik hasi eta 70. hamarkadan egin ziren gerrarako kanoi handietaraino.

Armagintzaren urrezko garaia gure herrian, Erregetxearen garaia izan zen, XVI. mendetik XIX. eneraino. Aro honetan, Soraluzeko lantegiek Gaztelako Erregearentzat lana egiten zuten, mundu mailako suzko armen produkzioaren erreferente bilakatuz. Orduko gremioen sistema oso indartsua izan zen eta teknologia askoren monopolioa zuten, arma produkzioa oso ondo antolatua zegoen eta erregearen finantzaketari esker gauzak ederki zeuden, herrian diru mugimendu handia zegoen. Ala ere, garai eta ideia berriek XIX. mendean sistema gremialaren gainbehera zuten; mendeetan erabilitiko teknologiak eta jarduteko erak zaharkituta gelditu ziren eta herriko armagintza industriak ez zuen jakin garai berrietara egokitzen. Poliki poliki armagintza desagertzen joan zen XX. mende arte.

Mendetako jarduera honek hainbat aztarna utzi ditu ondare modura, gehienbat ondare ez materiala eta dokumentuak izango lirateke. Baina badira olen aztarna arkeologikoak, edo Erregetxearenak eta zutik dirauen lantegirik ere, SAPA adibidez, baita Eibarko Armagintza Museoko erakusketako armak, Lamoten grabatua, etb. Aro oparo honek herriko pertsonaia historikoak ere eman zituen, Lamot edo Calonje adibidez.

Gaur egun garai haietako testigantza fisiko gutxi gelditzen dira eta inork gutxik hitz egiten du gaiari buruz, baina mendeetako jardunaren ondoren, nahita ezkoa da pentsatzea Soraluzetarron izaeraren eta kulturaren, eta beraz, izan ginenaren eta garenaren zati garrantzitsua dela armagintza.

TESTUAK: Antton Alberdi.
MARRAZKIAK: EƱaut Aiartzaguena.