Deba ibaia

Soraluzeko herriaren ardatza eta erdigunea da ibaia, herriaren sorrera eta kokapena bera ibaiari guztiz lotua dago; berak eman zigun paraje hauetan bizi irauteko beharrezkoak izan ziren ola eta errotetarako beharrezko indar mekanikoa, baita elikagaia eta aisialdirako lekua ere.

Deba ibaia Arlabango mendietan jaiotzen da, izen bereko arroaren goiko aldean, Leintz Gatazagako lurretan, 600 bat metroko altueran. Bailara osoa zeharkatzen du Debako herrian bere urak itsasoratzen diren arte. Euskal Herriko ipar isuri aldeko ibai guztiak bezala, motza eta malkartsua da, 64 km gutxi gora behera.

Bere emaria ez da oso handia baina bai urtean zehar eman ditzakeen ur kantitate aldaketak; gutxieneko emaritik handieneko aldea, 130 aldiz biderkatu daiteke. Ibaia milioika urtean ingurune menditsua higatuz joan da,  Soraluzeko herria, 600tik gorako sakonera duen zintzur estu batean.  Ezaugarri orografiko bereziek eta klima euritsuak Ufalak sortzen ditu, ibaiko ur emariaren hazkuntza bortitza da, denbora laburrean ematen dena. Urak indar handia hartzen du ibaian bertan eta baita inguruko mendietatik jaisten diren ibai adar maldatsuetan ere. Kasu askotan ur handi hauek hondakinez beteta jaisten dira, arbolak, lokatza, harriak, etb. Herritarren gogoan daude oraindik 1983 eta 1988-ko gertakari larriak, hainbat hildako eragin zituztenak, baita milioika euroko kalte ekonomikoak ere.

Era berean, klima euritsuak eta orografia berezi honek, onura asko ere ekarri dizkigu, ibaiaren baliabide hidrikoak mendeetan zehar ustiatuak izan dira gure herrian, lehenengo olak, ondoren errotak eta azkenik zentral hidroelektrikoak indar mekanikoz elikatu ahal izateko. Soraluzetarron bizi iraupenerako biharra ibaiak eman digu ehunka urtetan.

Deba ibaiak dena eman zigun arren, guk ez diogu esker on berarekin erantzun; berez bizia eta aberatsa da ikuspuntu ekologikotik baina mendeetan zehar eman den jarduera industrialaren ondorioz eraldaketa sakonak eragin zaizkio, bai isurketen ondorioz eta baita presa eta zentralen eraikuntzarekin. Eraldaketa hauek gogorregiak izan dira Ibaiarentzat eta garai bateko itxura eta bizitza guztiz galtzera heldu gara. Ibaia, duela mendeak izokinak izatetik ia animaliarik gabeko ibaia izatera pasa zen.

Urteetan ibaiarekin izan dugun erlazio estu honek, herriko kulturan eta kontzientzian aztarna sakona utzi du, gehienbat 60 urtetik gorako herritarrengan, 60. hamarkadatik aurrera ibaiari bizkarra eman bait genion. Tamalez gazteek ez dute ezagutu kutsatu aurreko aro oparoa baina asko dira garai haietatik gelditu zaizkigun testigantzak, lekuen izenak eta berbak, eta baita ibaiari lotutako kultura herrikoi aberats bat.

Garrantzizkoa da Deba ibaia Soraluzetarrontzat zer izan den ulertzea, zer eman digun jakitea eta gaizki egin diren gauzak berriro ez errepikatzea, etorkizun batean haurrak bere uretan igerian berriro ikusi ahal izateko.

TESTUAK: Antton Alberdi.
MARRAZKIAK: EƱaut Aiartzaguena.