Baliabide hidrikoak

Soraluzeko herriaren sorrera bera, Deba ibaiari eta bere ingurune hidrografikoari esker suertatu zen. Garrantzizkoa da aipatzea, herria eraiki zen lekua ez zela kasualitatez aukeratu, inguruko baliabide hidrikoek energia eskuratzeko ematen zuten aukera izan zen herria dagoen jasotzeko arrazoia. Baliabide hauek, metalaren lanketan beharrezkoa den energia mekanikoa eskuratzeko aukera ematen baitzuten. 

Badakigu, energia eskuratzeko baliabideak, olak eta errotak adibidez, gutxienez XV. mendetik erabiltzen zirela Soraluzen. Beraz, eraikin hauen jatorria oso antzinakoa da, gaur egun eraldatuta edo erorita egon arren. Kasu askotan baliabide hidrikoen bitartez energia ekoizteko eraikinak birmoldatzen joan dira garaian garaiko beharren arabera.

Dakigun bezala, Soraluzeko lurrak ez dira egokiak laborantza eta nekazaritzarako, baina bai oso egokiak uraren bitartez produkzio jardueretarako energia eskuratzeko, inguruneak desnibel eta aldapa handiko hidrografia duelako. Hau izan zen, duela mendeak industria jarduera jorratzeko eta Soraluzeko herria dagoen tokian eraikitzeko arrazoi nagusia.

Historian zehar, uraren indarra hiru modutan aprobetxatu da. Lehenengo, oletan, forjarien mailuak mugitzeko. Olak desagertuta, horiek ogi errota bihurtu ziren eta azkenik, argi indarra sortu zenean, zentral elektriko modura erabili ziren. Kasu askotan, presa eta zentralen jatorria mendeetan atzera dator, birmoldatzen jakin dira garaian garaiko beharrei erantzun ahal izateko.

Malmeroko presa

Antzina, Olak mugitzeko bi presa zeuden ibaian, Igareta eta Olabarrena. Horretaz gain, ola zahar gehienak Keixeta errekan eta Sagar-Errekan bildu ziren. Orandik ikus daitezke Mutxaneko olaren presa, ola eta etxe zaharra.

Mutxaneko etxe zaharra

XIX-X mendean, indarra sortzeko sei presa eta zentral zeuden. Igareta eta Olabarrenaz gain, Sologoenekoa, Alberdi, Orbea eta Maltzagakoa.

Igaretak, indarra saltzen zuen etxez etxe. Olabarrena, Sologoen, Orbea eta Maltzagako presen indarra industriek erabiltzen zuten. Sologoen geratzen da martxan, herriarena da.

Alberdi presa

Garai batean, gure herrian uraren bitartez energia mekanikoa naiz elektrikoa sortzeko eraikin ugari zeuden, olak, errotak eta zentralak, baita ura pilatu eta bideratzeko egindako hainbat eraikuntza ere. Oraindik aztarna asko daude herrian pasatako garai hauen lekuko.

Sologoeneko zentral zaharra

Irure auzoan kokaturik eta Soraluze herriaren  kanpoaldean, Sologoeneko Zentral bezala, bi eraikin ezagutu dira. Lehen eraikina XIX.mende bukaeran jaso zen eta emari nagusia Deba ibaitik hartzen zuen arren, Osuma eta Oitturri inguruetatik eta Salogoenetik ere biltzen zuen ura.

Zentrala kontsezio bidez esku pribatuetan egon zen 60. Hamarkada arte, hainbat izan ziren jabeak tarte horretan. Jose Luis LarraƱaga alkate zela, 1965. urteko uztailak 13an Soraluzeko Udalak zentrala erosi zuen. Urteetan geldituta egon zen, Iberdueroren  monopolioren ondorioz. Egoera kaxkarrean bazegoen ere, urte batzuk geroago paretik Guardia Zibilen konboia pasatzen ari zela ETAk bonba eztanda arazi zuen eta eraikin zaharra zeharo hondatu zen.

Francoren diktaduraren ostean, 1979an, Eusko Jaurlaritza eratu zen eta honek,  Energiaren Euskal Erakundea (EEE) sortu zuen 1982. urtean. Energia esparruan kanpoko mendekotasuna arindu nahian, erakunde honek zentral zaharren berriste lanak bultzatu zituen. Sologoeneko Zentral Hidroelektrikoa (Central Hidroelectrica Sologoen S.A sozietate publikoa) 1989ko abenduaren 28an eratu zen, esku publikoetara pasa zen. 1991ko irailaren 19an  jartzen da martxan zentrala, baimen hauek lortu ondoren.

Sologoeneko zentrala gaur egun

Sologoeneko Zentral Elektrikoa eta energia elektrikoaren ekoizpena

Zentral elektrikoak, uraren indarraz baliatuta, energia elektrikoa eskuratzeko gai dira. Horretarako turbina eta sorgailua erabiltzen ditu. Ura jasotzeko presa dute, Sologoeneko kasuan Osintxun dago eta ondoren ur hau ubidean bera ekartzen da zentraleraino. Modu orokorrean, ekoitzitako energia kopurua bi faktorek baldintzatzen dute; ur emaria batetik eta biltze puntua eta turbinaren arteko altuera diferentziak bestetik.

Sologoeneko turbina

Hasieran aipatu dugun bezala, garai baten zentralaren ur emaria ez zen soilik Deba ibaitik jasotzen, Osuma eta Oitturri inguruetatik ere biltzen zen. Aipatzekoa da menditik ura nola ekartzeko modua, Osuma baserriaren ondoan  ur biltegi bat zegoen, lur azpian tunel modura eraikia, bertatik hodi handi baten bitartez ura zentraleraino jaisten zen, 400 bat metroko ur jauzia zen beraz. Hodi eta ur biltegiaren aztarnak ikus daitezke oraindik. Mota honetako sistemak Pirinioetan aurki genitzake gaur egun.