Herriaren sorrera
Herriaren Gaztelerazko izen zaharrari erreparatzen badiogu, Placencia de las Armas, konturatu gaitezke gure herria armagintzari lotuta egon dela pasatako mendeetan. Lehen agiriak XV. mendekoak izan arren, izan ere bada agiri bat non Isabel la Catolica-k, Gaztelako erreginak, herriari armak egiteko eskatzen diona, badakigu aurreko mendeetan ere armak egin zirela Soraluzen. Ondorengo arma ekoizpenak XX. mende arte iraun zuen, ehunka urtetan egin ziren armak herrian, eta mota askotakoak: arma zuriak, arkabuzak, mosketeak, fusilak, pistolak, kanoiak…
Gaur egun garai haietako testigantza fisiko gutxi gelditzen dira eta inork gutxik hitz egiten du gaiari buruz, baina mendeetako jardunaren ondoren, nahita ezkoa da pentsatzea Soraluzetarron izaeraren eta kulturaren, eta beraz, izan ginenaren eta garenaren zati garrantzitsua dela armagintza.
Placencia de Soraluze 1343ko urriaren 15ean sortu zen, Alfonso XI Gaztelako Erregeak emandako hiri-gutunaren bidez. Armagintza, ordutik eta XX. mende arte, Soraluzeko jarduera ekonomiko nagusia izan da. Hori da herriaren gaztelerazko izenaren jatorria, Placencia de las Armas. Herriaren sorrera bera, metalaren lanketari loturik dago.
Erdi-aro bukaeran eta aro Modernoan zehar Europako eta penintsulako ekonomiak aurrerapen handia izan zuen. Izan ere, herrialdeen arteko etengabeko gerrek eta lurralde berrien aurkikuntzek (Amerika) komertzioaren eta industriaren garapena eragin zuten: gerrarako armak, itsasontzien industria, nekazaritzarako tresnak…
Bestalde, Soraluzeko orografia malkartsuak, laborantza zein abeltzaintza ustiapenean arazoak sortzen zituen, eta ondorioz, gero eta handiagoa zen populazioari behar zuten sostengua emateko, industri jarduerara jo behar izan zuten, hein handi batean armagintzara.
Horiek arrazoiek eta orografia zein kokapen geografikoak eragin zuten burdin industriaren sendotzea Soraluzen, baita Deba bailarako herrietan, eta batez ere Soraluzen.
Metalaren lanketarako beharrezko indar mekanikoa lortzeko, Soraluze inguruetako orografia ezin hobea da; ibaia, desnibel handiko errekastoak eta ur emari handia urte osoan zehar. Sutegien eta forjen funtzionamendurako beharrezko mugimendua eta indarra, ur jauzietatik lortzen zuten, olen eta erroten bitartez. Uste da, hau dela herriari duen kokapena emateko arrazoi nagusietako bat. Honez gain, inguruetako mendietan baso ugari zeuden, gaztainondoak eta pagoak batez ere, egur ikatza lortzeko, ata baita intxaurrondoak armen kaxak egin ahal izateko.
Jakin badakigu, XV. mendeko bigarren zatian armagintza nahikoa garatua zegoela Euskal Herrian. Garai hau baino lehenago, konkretuki Soraluzen, ez da kontserbatu arma produkzioa frogatzen duen agiririk, baina badakigu armagintzan aurrekariak egongo zirela, ordurako teknologia oso garatua baitzuten armaginek. Hasiera baten arma zuriak egingo ziren, ondoren suzko armak ekoizten hasi ziren.
Soraluzen armagintza jardueraren lehen aztarna, Isabel la Católica-ren 1480ko Cédula Real agiri batean agertzen zaigu, bertako armaginei deia eta eskaria eginez, geroztik, gero eta eskari gehiago etorriko ziren. Gordetzen den Soraluzeko armagintza aipatzen duen agiri zaharrenak 1.509 urtekoak dira, aurrekoak erre edo galdu zirelako. 1.512 urteko agiri batek dioenez, Juan Ibáñez de Loyolak, 100 eskopeta zituen eginda, baina behar izanez gero, hileko 350 egiteko ahalmena zuen.
Hurrengo hamar urteetako agirietan, eskopetak, espingardak, koseleteak… aipatzen dira eta 1.522 urteko agiri batean arkabuzak agertzen dira lehenbiziko aldiz. Gainera, armagintzako maisutzat aipatzen den lehen pertsona, Soraluzetarra da, Juan de Churruca, 1.561ean.
XVI. mendetik aurrera, Errege Fabrikari eta gremioen sistemari esker, Soraluze mundu mailan arma produkzioaren erreferente bilakatu zen XIX. mende hasierara arte. Halaxe erakusten dute orduko mapek, inguruko eskualdekoek, Espainiakoek zein Europa osokoek ere.
Denbora tarte onetan lan teknikak eta produkzio sistemak oraindik eskuzkoak eta artisautzakoak ziren. Garai hartan, ugariak ziren herrian armak ekoizten ziren lantegiak eta altzairua lantzen zuten burdinolak. Gremioetan antolatuta, lantegi hauetan ekoitzitako pieza edo eta arma guztiak, Erregetxera eramaten ziren, bertan ikuskatu, probatu eta behar zen tokietara bidali ahal izateko.
Mendeetan pilatutako jakintza eta teknika konplexu horiek, gremioen bitartez, belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren, gutxi ziren munduan Soraluzeko Maixu Armaginek zuten jakintza zutenak. Ekoizten ziren suzko armak, aurre kargakoak ziren, arkabuzak, mosketeak eta pistolak batez ere, almetxa sistema erabiltzen zutenak.
Hau izan zen Soraluzeko armagintzaren aro garrantzitsuena eta emankorrena, industrializazioa eta enpresen pribatizazioa etorri ziren arte.
XIX. mendean Soraluzeko armagintzaren gain behera etorri zen, orduko industriak garai berrietara egokitzen jakin ez zuelako. Arrazoiak anitzak diren arren, batez ere bi arrazoi nagusiren ondorioz gertatu zen prozesu hau; batetik, Errege Lantegien eta gremioen sistemaren desagerpena, eta bestetik, industrializazioa eta teknologia berrien agerpena.
1865ean, Soraluzeko Errege Fabrikak itxi egin ziren, estatuak arma produkzioan zuen monopolioa desegin zuelako, Europa osoan indarra hartzen ari ziren tendentzia politiko berrien ondorioz eta industrializazioarekin batera, enpresa berriak sortu ziren, kasu honetan pribatuak, estatuak armak ekoizteari utzi zion, enpresa pribatuei erosteko. Honekin batera gremioen sistema zaharra ere desagertu egin zen, Soraluzen azken 300 urteetan erabilitiko produkzio eta lan antolaketa sistema hain zuzen.
Bestalde, XIX hasieran almetxa sistema ordezkatuko zuen pistoi sistema asmatu zen, aurrekoa baino askoz azkarragoa, seguragoa eta ekoizteko errazagoa zena. Teknologia aldaketa honek, produkzio sisteman ere aldaketak ekarri zituen, ia edozein armagilek edozein lantegitan egin zezakeen, nahiz eta giltzagilea ez izan.
Industrializazioarekin batera, makina erremintak erabiltzen hasi ziren altzairua mekanizatzeko, lanak jada ez ziren horren eskuzkoak edo artisautzakoak. Soraluzeko armaginen teknikak zaharkiturik gelditu ziren eta lan prozesu modernoak beste lurralde batzuetara zabaldu ahal izan ziren.
Dena dela, Soraluzen XIX. eta XX. mendeetan armak ekoizten jarraitu zuten, bi bide eginez.
Alde batetik, hainbat enpresa txikik armak ekoizten jarraitu zuen, batez ere, ehiza eskopetak eta pistolak eginez. XX mendean enpresa hauek desagertzen joan ziren, azkena 1973 urtean itxi zelarik.
Bestalde, S.A. Euskalduna enpresa handia sortu zen, ondoren The Placencia de las Armas Company Limited eta SAPA izango zena. Herriko industrigintzaren enpresa handiena izan da urteetan. Gerra ostean, Andoainen, enpresaren planta berria eraiki eta poliki poliki Soraluzeko ekoizpena indarra galtzen joan zen, 2000 hamarkadan itxi zuten arte. Kanoi fabrika edo SAPA izan da herrian armagintza jorratu duen azken enpresa.
Gaur egun ez zaigu gelditzen arma ekoizpenaren zantzu bat bera ere, garai bateko lantegi guztiak desagertu baitira, azkena, orain Andoainen dagoen SAPA. Eibarren gelditzen dira oraindik eskopetak egiten dituzten enpresa gutxi batzuk. Armagintzan ziharduten Soraluzeko enpresa gehienak itxi egin ziren edo produkzio arloa aldatu zuten, gehienak torlojugintzara edo makina erreminta egitera pasa ziren.
Doikuntza prozesu hau 60. eta 70. hamarkadetan eman zen orduko pertsona ekintzaileei esker. Gaur egun ere torlojugintza da herriko jarduera industrial nagusia delarik.
Gure herria, altzairuaren lanketari lotua egon da erdi arotik, nekazaritzako txarrak diren aldapetan, industriarako ur-jauzien abantailak ikusiz.
Jarduera industrialaren erreferente izan gara mendeetan zehar eta herritarrek garaian garaiko beharrei egokitzen jakin dute; lan gogorra, ekintzailetza eta itxaropena izan dira eguneroko “biharra” lortu ahal izateko beharrezko balioak. Gaur, datozen erronka berriei aurre egiteko, asko ikasi dezakegu garai bateko armaginengandik.