Produktuak

Askotarikoak dira armagintzari lotutako produktu industrialak, hasierako arma zuriekin hasi eta XX. mendeko kanoietaraino. Denbora pasa ahala, lan prozesuak eta produktuak gero eta konplexuagoak bihurtzen joan dira. Soraluzen ekoitzitako armak lau talde nagusitan bana daitezke; arma zuriak, aurre-kargako armak, atze-kargako armak eta kanoiak. Era berean, talde bakoitzaren barruan mota ezberdinetako armak egon ziren, forma eta teknologiaren arabera desberdinduak. Produktuak lantzeko beharrezko lanabesak ere ekoizten ziren herrian bertan.

Arma motakMendea
XIVXVXVIXVIIXVIIIXIXXX
Arma zuriak
Aurre kargako suzko armakArkabuza
Mosketea
Txinparta fusila
Pistolak
Atze-kargako suzko armakFusilak
Pistolak eta errebolberrak
Ehizako eskopetak eta karabinak
Kanoiak

XIV eta XVI mendeetan Euskal Herrian, eta batez ere Deba arroan, lantzak eta pikak ekoizten ziren gehien bat, baina baita armadura osagaiak, ezpatak, sastagaiak, artatiak… ere.

Ezpata. Eibarko Armagintza Museoa.

Aurrekargako armak, hitzak dioen bezala, armaren ahotik kargatzen diren armak dira, suzko armen lehen teknologia da eta 400 urtetan zehar erabili da. Bolbora ahotik sartu ondoren, jaurtigaia edo bala sartzen da, ondoren sua eman eta bala jaurti ahal izateko, normalean berunezko bolak. Teknologia hau urte askotan erabili da eta denboran zehar garapen teknologiko handia jasan du, batez ere bolborari sua ematerako eran.

Arkabuzak

Arkabuza suzko arma izan zen, infanteriako gudariek erabilia XV mendetik XVII mendera. Ahotik kargatzen zen, eta tiroa egiteko sistema argi-mukizko giltza erabiltzen bazuten ere, harizko metxa bat erabiltzen zuten bolborari sua eman ahal izateko.

Arkabuza.

Mosketeak

Mosketeak XVI mendean agertu ziren, Alemaniako Dresden inguruan, arkabuzaren bilakaera modura. Handiagoak eta indartsuagoak ziren. Arkabuzen aldera, mosketek metro edo metro eta erdiko kanoiak zituzten. Honela, irismen bikoitza lortzen zuten, eta jaurtigai astunagoak erabiltzeko ahalmena zuten. Horregatik, hasiera batean gaztelu, gotorlekuak eta itsas-ontziak defendatzeko artilleria txiki modura erabiltzen ziren. Aurrerago, teknologia hobetu ahala, gudu zelaietan ere erabiltzen hasi ziren, eraso zein defentsan.

Tiro egiteko sistema dagokionez, moskete guztiek, arkabuzen tiro egiteko sistema berbera erabiltzen zuten, aurrekargakoak ziren. Baina, hasieran argi-muki bidez bolbora pizten zuten arren, aurrerago su harri sistema asmatu zuten, fusilak ere deiturikoak.

Soraluzen egindako mosketea. Eibarko Armagintza Museoa.

Txinparta-fusilak

Txinparta-fusila suzko arma izan zen, mosketearen familiakoa. Mosketeak sortu zirenean, argi-mukizko sistema erabiltzen zuten, arkabuzen moduan. XVII mende bukaeran suharri sistema asmatu zuten, askoz erabilgarriagoa eta arrisku gutxiagokoa, txinparta-fusilak sortuz.

Suharri sisteman, katua sakatzerakoan, giltzak suharria jotzen zuen txinparta bat sortuz eta bolborari su emanez. Honela tiroa egiteko era askoz azkarragoa eta seguruagoa zen, ez ziren ibili behar metxari sua ematen, perkusio bidez lortzen zen sua.

Dena dela, teknologia ez zen berehala Soraluze eta inguruko lantegietan erabili: XVII mende bukaeran argi-mukizko mosketeei Bizkaiko mosketeak esaten zitzaien, txinparta fusilekin bereizteko.

Txispa fusilaren hurrengo garapen teknologikoa, XIX. Mendean etorri zen, armen historian izan den asmakizunik garrantzitsuenetakoarekin batera; Pistoi Sistema. Sistema hau gaur egun gehien erabiltzen dena da suzko arma modernoetan. Pistoi sistemak ez du suaren beharrik, kolpe bidez lehergaia eztanda arazten da eta honela bolbora piztu, jaurtigaia jaurtitzeko.

Pistoi sistema azaltzeko ilustrazioak

Soraluzen egindako fusila. Eibarko Armagintza Museoa.

Pistolak

Pistola su-arma motza da, esku batez erabiltzen dena eta balak distantzia txikira jaurtitzen dituena. XIV mendean arkabuzak sortu zirenean, segituan, arma motzagoak egiten hasi ziren, batez ere zaldunentzat. Uste denez, Italian jaio ziren pistolak. Erabilitako teknologia, arma luzeen berdina zen aurre kargakoa.

Soraluzen egindako pistola. Eibarko Armagintza Museoa.

Sistema hau gaur egun arma moderno guztiek erabiltzen dutena da, izenak esaten duen moduan, atze-kargako armak ez dira ahotik kargatzen, atzetik baizik.

Horretarako, kartutxoa pieza bakarrekoa izaten da: leherkaria, bolbora bere zorroan (metalezkoa edo kartoizkoa) eta jaurtigaia (bala edo perdigoiak). Eta, behin kartutxoa sartuta, ganbera hermetikoki ixteko sistema behar da. Modu honetan presio handiagoak lortzen dira, eta balak askoz distantzia handiagora heltzen dira.

Fusilak

Fusilak itxitura sistema desberdinak izan zituzten: Lefacheux, Chassepot, Remington, Mauser, Winchester… eta Ibarra (soraluzetar batek asmatua). Behin La Euscalduna lantegia itxita (1886), Espainiako estatuak ez zuen nahi gerrako armak lantegi txikietan egiterik, eta Soraluzen fusilak egiteari utzi zioten.

Soraluzen egindako atzekargako Chassepot fusila (1866 eredua). San Telmo Museoa.
Soraluzen egindako atzekargako Chassepot fusila (1866 eredua). San Telmo Museoa.

Pistolak eta errebolberrak

Atze-kargako pistolak fusilen diseinua zuten, baina kartutxo eta bala txikiagoekin. Hasieran eskuz kargatu behar baziren ere, XX mende hasieran pistola automatikoak sortu ziren, tiro egiterakoan bala zorroa egotzi era bala berria automatikoki kargatzen zutenak.

Soraluzen egindako atzekargako Deringer pistola.
Soraluzen egindako atzekargako Deringer pistola.

Errebolberrak ere atze-kargakoak dira. 6 bat kartutxo sartu eta jarraian disparatzeko aukera ematen dute. Samuel Colt estatubatuarrak 1.835 urtean patentatu zuen, baina Ramiro Larrañagaren arabera, Manuel de Garate Mendarotarrak ere urte berean asmatu zuen. Soraluzen asko egin ziren, baina pistola automatikoak sortu zirenean errebolberren eskaera desagertu egin zen.

Ehizako eskopetak eta karabinak

XX mendean Soraluzeko armagileei geratzen zitzaien merkatu bakarra banakoak ziren, eta produktu izarra ehiza eskopetak. Kartutxoak kartoizkoak dituzte, perdigoiez beteta. Eskakizun tekniko gutxiago dute, presio txikiagoa sortzen dutelako ganbaran. Aspaldian bi kainoi jarri zieten.

Soraluzen egindako atzekargako eskopeta. Eibarko Armagintza Museoa.

Soraluzen kanoi produkzioa, hein handi batean, S.A.P.A edo Kanoi-Fabrika ez izenez ezagutzen dugun enpresaren sorrerarekin batera hasi zen, ordu arte arma arinak soilik ekoiztu baitziren herrian. Lehenengo kanoiak, The Placencia de las Armas Company Limited enpresan eraiki ziren, aurrerago, 1935. urtean lantegi ingelesa, Sociedad Anonima Placencia de las Armas bihurtu zen, Espainiako enpresa gizonek bere aurrekari Ingelesa erosi ondoren.

Placencia 240/14 morteroa Cartagenan (Carlos López 2009)

Garai ilun eta nahasi haietan gerra eta gerra ostea medio, kanoien ekoizpena bando ezberdinen esku egon zen, batez ere frankisten eskuetan. Ondoren demokrazia garaia heldu zen eta Kanoi-Fabrikak lanean jarraitu zuen, bai Soraluzen eta baita Andoaineko fabrikan ere. Denbora tarte zabal honetan sortutako produktuak asko izan dira: itsaso-kanoiak, lurreko kanoiak, morteroak, obusak…

1969ko Hispano-Suiza 20/120 kainoi antiaereoa (Enrique Urbano 2008)