Erregetxeak

Erregetxeak

Soraluzeko herria, gezurra badirudi ere, garai batean eta batez ere, XVI. mendetik XIX-ra, garrantzizko gune industriala izan zen mundu mailan armagintzari esker. Horren isla argia Soraluzeko erret lantegiak izan ziren; 1573. urtean Felipe IInak, Gaztelako Erregeak, Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Placencia izenekoa sortu zuen herrian.

Bi Erregetxe egon ziren denboran zehar, Gaztelako erregearentzako armak ekoitzi eta ikuskatzeko eraikiak.

Erregetxe zaharra

Erregetxea, hitzak dioen bezala, orduko Espainiako Erresumak Soraluzen zuen arma biltegia zen. Gremioetan antolatutako arma tailer ugari zeuden eta tailer horietako maisuek, suzko armak eta arma zuriak ekoizten zituzten Gaztelako erregearen ejertzitoentzako. Beraz, eraikina, herrian ekoitzitako armak aztertu, probatu eta bidaltzeko erabiltzen zen. Ekoizpen horrek erregearen ordezkarien jarraipena izaten zuen, armen hornikuntzaren jarraipena ziurtatzeko.

Erregetxe zaharra

Errege Fabrikaren sorrera oso garrantzitsua izan zen Soraluzerentzat, arma industriaren zentroa bilakatu baitzen ; izan ere, inguruetako herri guztiek (Eibar, Ermua, Bergara, Elgoibar, Arrasate…) bere ekoizpena bertara ekarri behar zuten, aztertzeko, probatzeko, biltzeko eta gero, Alzolatik Debara ibaiz, Europara eramango zituzten itsasontzietaraino eramaten zituzten.

Honela, 1573. urtean Felipe IInak Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Placencia izenekoa sortu zuen. Bertan, erregearen gizonek armak ikuskatu ondoren, beharrezkoak ziren tokietara bidaltzen zituzten. Lehenengo Erregetxea, ibaiaren ezkerraldean egon zen, Gila zubiaren ondoan, zehazki, gaur egungo Rabal kalean, 10. zenbakian. Oraindik bertan ikus daitezke eraikin zaharraren aztarna arkeologikoak.

Erregetxe zaharra XVIII. mende bukaera arte erabili zen, eraikinaren egoera txarra zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten. Ibaiaren ondoan kokatuta zegoenez, toki oso hezea zen, eta gainera, ufalak egon ohi ziren, ondorioz armak herdoildu eta hondatzen zirelarik. 1785 urtetik aurrera Erregetxe zaharra beste hainbat gauzatarako erabili izan zen: lantegiak, kortak, etxebizitzak…

Erregetxe berria

Erregetxe berria

Ondoren, Erregetxe berrearen eraikuntza etorri zen. Eraikin berria gaur egungo Erregetxea deitzen zaion auto aparkalekua dagoen lur sailean kokatua zegoen. Eraikin berriak miloi bat erreal pasatxoko aurrekontua zuen, eta ordaintzeko herri guztia hipotekatu zen: etxeak, baserriak, zuhaiztiak, errotak, olak… 1809 urtean bukatu ziren obrak eta José Bernardo de Aldasoro alkateak garaiko erregeari, Jose I Bonaparteri, eskaini zion.

Urte batzuk aurrerago, Espainiar Estatuak armen monopolioa utzi zuen eta ondorioz eraikina udalaren esku gelditu zen 1867 urtean. Ordutik aurrera, Erregetxean denetik egon da: eskola arruntak, etxebizitzak, musika eta marrazki eskolak, berdura eta arrain plaza, herri-garbitzaileak, postetxea, torloju tailerrak, kortak eta komunak. Eta aurrerago, asto tokia eta perra tokia ere egon ziren. Eraikina gero eta makalago zegoenez, 1976 urtean Udalak eraitsi zuen, eta geroztik lur saila aparkaleku moduan erabiltzen da.

Erregetxe berria