Gremioak

Gremioak

Gremioak edo korporazioak, Europako hirietan sortu ziren Erdi Aroan. Elkarte ekonomikoak ziren, lanbide berdineko artisauak biltzen zituzten. Helburua kideen lana eta ongizate ekonomikoa bermatzea zen. Horretarako monopolioa eskuratzen zuten, gremiotik kanpo ez zegoen lan egiterik. Gainera, lanbidearen ikasketa sistema ezartzen zuten.

Armagile gremioak geroago sortu ziren, aro modernoan. Agirietan agertzen den lehen izena soraluzetar batena da: Juan de Churruca, maisu armagilea, 1.561 urtean. Gremio sistema indarrean egon zen artean, ez zen posible armagintzan lan egitea gremio baten kide izan ezean.

Soraluzen konkretuki, Lamoten grabatuan argi azaltzen den bezala, suzko armak sortzeko garaian 4 gremio edo lanbide nagusi bereiz zitezkeen.

Gremioak Lamoten grabatuan.

Soraluzeko armagintzaren gremioak

Soraluzeko armen ekoizpena ez zen Errege Fabrikan egiten, oraindik ibai hertzetan ikus daitezkeen etxeen behealdeetan zeuden tailer txikietan egiten zen lana. Tailer horietan artisauak, lau gremioetan antolatuta zeuden: kanoigileak, giltzagileak, kutxagileak eta aparejugileak. Gremio bakoitzak bere tailerrak zituen, ekoitzitako armak, zatika, ondoren, Errege Fabrikara eramaten zituzten. Beraz, Errege Fabrika, tailerretan ekoiztutako armak jasotzeko, biltzeko eta aztertzeko lekua zen. Azkenik, armak Altzolara eramaten ziren eta ibaia erabiliz itsasoraino, Debatik Europa osora bidaltzeko itsas ontzietan. Errege kontadorea izan zen Lamot-ek egindako grabatuak deskribatzen du Soraluzeko armagintzaren gremioen antolaketa.

Kanoigileak

Kanoigileak Lamoten grabatuan.

Gremio honek fusilen kanoiak egiteko ardura zuen. Lau motako langileak zituen gremioak: forjaria, mailukaria, limaria eta barrenadorea.

Lamot-en mapanĀ  agertzen den irudiak oso ondo erakusten du lan egiteko era. Egur ikatza erretzen duen sutegi handia ikus daiteke eta langile bat egurra bizkarrean duela. Forjariek, altzairuzko mailutzarrak erabiliz, ingudearen kontra jotzen zuten beharrezko forma emateko. Limatzaileak aurrekoen lana fintzen du bere mahaian. Atzeko aldean bi grabatzaile agertzen dira, beraien burdinazko bolen gainean makurtuta, bukatutako kanoiei zizelatuak eta urrezko inkrustazioak egiten.

Giltzagileak

Giltzagileak Lamoten grabatuan.

Giltzagileek armaren giltza egiten zuten, hau da, tiroa botatzeko mekanismoa. Altzairuzko piezei forma eman ahal izateko forja erabiltzen zuten; (fraguan) sutegian ikatza errez eta hauspoaren laguntzaz, altzairua tenperatura altuetara eramaten zuten, ondoren urak mugitutako mailu handien bidez, kolpeka, piezei behar zuten forma eman ahal izateko.

Lamoten grabatuko irudian argi ikus daiteke lan prozesua. Aurrean, forjalariak ageri dira ingudearen gainean esku mailuekin aurretik berotutako piezei kolpeka forma ematen. Ondoan, beste bi langile daude, aurrekoen lana borobiltzen eta fintzen, horretarako limak eta tornuak erabiltzen dituzte. Atzeko aldean berriz, sutegia dago, hauspoa eta hau mugitzeko mekanismoarekin.

Kutxagileak

Kutxagileak Lamoten grabatuan.

Kutxagileek, armaren egurrezko zatia egiten zuten, bertan gainontzeko elementuak muntatuta joango ziren, kanoia, giltza eta aparejuak. Beraz, langile hauek hein handi batean arotzak ziren eta ez zuten metalarekin lanik egiten. Nondik ateratzen zuten egurra? Ze egur mota erabiltzen zuten? Lan prozesuak erremientak.

Irudian ikusi daiteke lan prozesua, aurrean, maisu arotzak armen kulatak zizelkatzen dihardute mahai gainean, batek aizkora bat du eskuan. Atzealdean, kulata pila ageri da bata bestearen ondoan lerrokatuta, baita mutil bat eta maisua, egur oholetik kutxa egiteko zatia mozten.

Aparejo gremioa

Aparejo gremioa Lamoten grabatuan

Gremio honek, kanoia eta giltza kutxan lotzeko tresneria egiten zuten, baita uhaleria ere. Altzairua lantzeko forja eta galdaketa erabiltzen zuten. Piezak produzitu eta findu ondoren armaren bukaerako muntaia egiten zuten.

Grabatuan ikus daitekeenez, atzealdean, galdategi txiki bat ageri da, bertan hauspoaren laguntzaz ikatza errez, altzairua urtzen zuten, ondoren, hoztean moldeen bitartez piezei behar zuten forma emateko. Aurrealdean, maisu bat ageri da galdaketako pieza beroa pintzaz hartuta. Eskuinean, bi maisu ageri dira, bata fintze lanak egiten eta bestea muntaketan eserita bere pipa erretzen.