Olak

Olak

Olak, boluak eta errotak oso ugariak izan ziren Soraluzen garai batean, orografia malkartsuak eta ur emari egonkorrak industri jarduerarako beharrezko energia eskuratzea ahalbidetzen baitzuen. Badakigu, bai agiriei eta baita toponimiari esker, armagintza produkzioa handia zenean, ola eta errota asko lanean aritu zirela.

Tamalez, gaur egun, ez da gelditu zutik lantegi hauetako bat behera ere eta ez daukagu eredurik herrian garai bateko olak nolakoak ziren ikusi ahal izateko. Gelditu diren aztarnak, eraikinen paretak, ubideak eta presak dira gehienbat. Ala ere, herritik gertu, Legazpin, badaukagu burdinola berreraiki bat martxan dagoena; Mirandaola. Eredu hau erabili dezakegu garai bateko olak nolakoak ziren jakiteko.

Olak

Olan lanean
Olan lanean

Soraluzen, olak edo boluak, metala lantzeko lantegiak ziren gehienetan, burdinolak, forjak edo sutegiak ziren batez ere. Hasieran arma zuriak lantzen ziren, ezpatak, lantzak, etb., ondoren suzko armak. Lan mekanikoak ziren, beraz, behar zuten indarra lortzeko olak erabiltzen zituzten; errota birarazteko uraren indarra erabiltzen zuten eta ondoren mugimendu hau mailu edo lanabesak mugitzeko erabiltzen zuten, metalari behar zuten forma eman ahal izateko.

Soraluzeko herriaren sorrerarekin lotura zuzena dute olek. Nekazaritza eta abeltzaintzarako lur desegokiak izan arren, oso aldapatsuak baitira, industri jarduerako beharrezkoa den indar zinematikoa lortzeko ezin hobeak dira. Hain zuzen, hau da herria bertan sortu izanaren arrazoi nagusietako bat. Inguruetako orografia aldapatsua eta ur emari iraunkorra.

Zori txarrez, nahiz eta garai batean olak ugariak izan Soraluzen, gaur egun ez dago bat bera ere zutik gure begiez ikusi ahal izateko, ala ere, aztarnen, dokumentu zaharren eta tokien izenei esker badakigu non egon ziren. Batez ere bi ingurutan agertu ziren olak, Sagar-errekan (Errotabarri, barrena zaarra, Mutxan, Olabarrena) eta Olean (Agarreburu, Arkaitz, Egotza, Olea bera eta Txitxirriketa). Txara azpian, berriz, San Millán y Villalegre markesaren ola zegoen. Eta oso gertu Etxaburueta errota zegoen.

Mutxaneko presa

Mutxaneko etxe zaharra ola garrantzitsua izan zen garai batean, oraindik aztarnak ikus ditzakegu Sagar-Erreka auzunean, Sagarraga-Torreko jaunarena izan zen. Lantegiak zuen garrantziaz ideia bat egiteko, dokumentu zaharren arabera, 1597. urtean Pedro de Sagarragak 950 moskete egin zituen.

Gorago olak, Mutxan presa dauka, ura bildu ahal izateko, baita ura eramateko kanala ere. Azken bi hauek nahiko ongi gordeta daude, ola berriz, erorita dago, baina aztarnak ageri dira mendiko sastraken artean.

Mutxaneko etxe zaharra
Mutxaneko etxe zaharra
Olea baserria.
Olea baserria.

Olea baserria, Olea deituriko Soraluzeko parajean dago. Ingurune honi, ola hitzak ematen dio izena. Baserria Keixeta edo Ozuma erreka gainean dago. XVI menderako bazegoen bertan arkabuzak egiteko forja bat, inguruari izena eman ziona: Oleako auzoa, Oleako aldea, Oleako presa… Etxearen atzeko aldean antapara edo presa zuen, errekaren urak biltzeko eta erabiltzeko, aurretik ola moduan, gero ogi-errota bezala. Gaur egun antapara bertan dago oraindik, baina urik gabe.

Olea baserria. Olaren antepara.
Olea baserria. Olaren antepara.

Legazpiko herrian kokatzen den burdinola hau, Soraluzen garai batean egiten ziren lanak eta ohiturak ulertzeko ezin besteko adibidea dugu. Gure herrian, armagintzari lotutako burdinolak non nahi aurki zitezkeen, herriko errekastoen eta ibaiaren ondoan.

Mirandaolako etxea.
Mirandaolako etxea.

Mirandaolako Burdinola, Gipuzkoako ondare garrantzitsuenetariko bat da. Euskal Herri osoan ez baitago burdinola baten adibide bakar bat ere zutik, beraz Mirandaolako burdinolak antzinako metalaren lantegia ezagutzeko aukera ematen digu: XVI. mendeko jantziekin olagizonek makineria martxan jartzen dute, urak hauspo erraldoiak mugitzen ditu eta mailuak gori-gori dagoen burdina lantzen dute.

Mirandaolako ola.
Mirandaolako ola.