Arrantza
Gure ibaian, arrantza jarduera garrantzitsua izan zen garai batean, duela mendeak, ibaiaren egoera ekologikoa ona zenean, fauna oso ugaria zen eta elikagai ugari ematen zien herritarrei.
Mendetako jarduera industrialaren ondorioz poliki poliki ibaia kutsatzen joan zen eta 50. hamarkadatik aurrera, garapen urbanistiko eta industrial bortitzarekin batera, Deba ibaia Europako kutsatuenenetakoa izatera iritsi zen eta ondorioz fauna ia guztiz desagertu zen. Zorionez, aro ilun hau atzean gelditu da eta hartu diren hainbat neurriri esker, ibaiaren berezko egoera ekologikoa berreskuratzen ari da.
Atal honetan, ibaia kutsatu aurreko garaietako Soraluzeko arrantza jarduerari lotutako espezieak azalduko dira, baita horiek arrantzatzeko erabiltzen ziren teknika ezberdinak ere.
Deba ibaian egin den arrantza, mendeetan zehar bere hertzetan bizi izan ziren Soraluzetarrentzat elikagai sostengu izan zen, baina gehiegizko arrantzaren eta praktika desegokien ondorioz, agintariek arau murriztaileak egin behar izan zituzten. Gehiegizko arrantzaz gain, duela lau hamarkada, ibaietara isurketa masibo eta kutsakorrak egiten hasi ziren. Horren ondorioz, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaiko ibaietako fauna gehiena desagertu egin zen.
Aurretik aipatu dugun bezala, duela mendeak jada arautzen zen ibaiko arrantza jarduera, badirudi duela 300 urteko herritarren kontzientzia ekologikoa, duela 50 urteko herritarrena baina indartsuagoa zela, edo interesak desberdinak zirela behintzat.
Horrela, 1695an, Soraluzeko udal-ordenantzetako 44. xedapenak, “ehizari eta arrantzari buruzkoak” honakoa zioen: “herritar askok debekatutako tresnekin egiten duten ehiza eta arrantza”, eta ondorioz “hemendik aurrera ezingo da eskopetaz, amuz edo benaka izeneko sarez edo aingiratarako pertol txikiz ehizatu edo arrantzatu…” harrapaketa mugak zeintzuk ziren xedatzen zen, baita zein tresna erabiltzea debekatzen zen edo arrantzan aritzea noiz debekatzen zen.
Soraluzetarroi dena eman ondoren, elikagaia, lanerako indarra, aisiarako tokia, etb., Deba ibaia, Europako ibai kutsatuenetakoa izan zen garaia etorri zen. 50.tik 80. hamarkadaraino, jada ibaiak ez zuen industriak ematen zuen onurak bezain beste balio eta ibaiari bizkarra eman zitzaion, bertako fauna ia guztiz desagertu arte.
Ala ere, aro iluna atzean gelditu da eta konturatu gara zenbateraino den garrantzitsua ibaia Soraluzetarrontzat. Gaur egun, hartu diren neurriei esker, isurketen gutxitzea, kolektorea, araztailea, etb., ibaiaren egoera ekologikoa asko hobetu da eta ondorioz fauna ugari berreskuratu da; aingirak, loinak, ezkailuak eta agian amuarrainen bat ere ikus daiteke ibaian. Erregea falta da ordea, izokina, hau Deba ibaian berriro azaltzen denean, ibaiaren berreskurapena ia osoa izango dela esango dugu.
Barbua, Barbusta (barbo gaztea)
Barbus barbus
Europan oso ugaria den ziprinidoa, ibaien erdi ibilguan bizi ohi dena, normalki, hartxintxardun hondoak gustatzen zaizkiona. Gorputza luzexka du eta kolorea arrea edo oliba-kolorekoa. Ahoa, hortzik gabea du eta lau bizar uzkurkor ditu. Orojalea da, edozer jan dezake, baita sarraskia eta hondakinak ere. Ezpainekin azpiko hondoa mugituz janaria bilatzen du. Bere tamaina metroraino heldu daiteke.
Loina, Loinasta (loina gaztea)
Chondrostoma miegii
Iberiar penintsulan ugaria den ziprinidoa, ibaien erdi ibilguan bizi ohi dena, Chondrostoma generoko arrainen izen arrunta. Ur gezakoak dira eta beren ezaugarri nagusia ahoan ezpain korneo eta gogorrak edukitzea da. Loina arrain arrea da eta 20 cm izan ditzake luzeran. Ornogabeak eta landare urtarrak jaten ditu, talde handietan bizi da. Apiriletik ekainera bitarte ugaltzen da.
Eskailuak, Eskailu xeheia (gaztea), Eskaldarrua (zaharra)
Phoxinus phoxinus
Gorputz luzexka eta buru sendoa duen tamaina txikiko arraina. Bizkarra arre berdexka du, azpialdea horixka, eta saihets aldean urre-koloreko islak ditu. Arrunta da Europa guztiko ibaietan. Normalki, ibaien erdi eta goi ibilguan bizi ohi dena, hartxintxardun hondoak gustatzen zaizkiona. Maiatza eta Ekaina artean ugaltzen da. Orojalea da, gehienbat ornogabe txikiez elikatzen da, baina baita sarraskiz eta hondakinez ere.
Zarbua edo Zarbo-eskailua
Gobio linaeus
Iberiar penintsula eta Frantzia hegoaldeko ziprinidoa, askotan ezkailuarekin nahasten dena, hantzeko itxura baitute. Ala ere bi espezie ezberdin dira, ezberdintasun nagusia, Zarboak biboteak dituela da. 20 cm neurtzera hel daiteke. Ibaien erdi ibilguan bizi ohi da, harri edo hartxintxardun hondoak gustatzen zaizkio. Ornogabeak eta landare urtarrak jaten ditu, taldeetan bizi da.
Aingira
Anguilla anguilla
Espezie migratzailea. Helduak itsasoan ugaltzen dira (ustez Sargazoen itsasoan, Caribean), eta han zabaltzen diren arrautzak gure kostaldera iristen dira Golkoko korronteak bultzatuta, jada angula bilakatuta. Angula ibaian gora joaten da eta aingira bilakatzen da. Bertan ornogabeez eta arrainez elikatzen da, helduarora iritsi arte eta berriro itsasora ugaltzeko xedez migratu arte. Aingirak kalitate eskaseko urak jasaten ditu eta Gipuzkoako arro guztietan dago, nahiz eta azkeneko hamarraldietan gainbehera egin duen mundu osoan.
Ibai-aingirara 130 cm-ko luzera eta 6 kg-ko pisua izatera heldu daiteke. Bere hegaletan ez du hezurrik eta berdel-marroi koloreko gorputz luzanga du, aurrealdean biribila eta atzealdean zapala dena. Aldeko hegalak oso luzeak ditu, ipurditik ia gorputzaren erdira doazenak.
Amorraina
Salmo trutta
Ibai amuarraina. Ur nahiko hotzak eta oxigenatuak behar ditu. 45 cm-ko luzera eta 1,5-2 kg-ko pisua izatera iritsi daiteke. Nagusiki ornogabeez eta arrainez elikatzen da. Kolore desberdinak izan ditzake, orban beltz eta ozelatuekin. Azaroa eta urtarrila bitartean ugaltzen da. Gipuzkoako arro guztietan dago, zati kutsatuenetan izan ezik.
Kangrejua
Austropotamobius pallipes
Karramarro arrunta (edo bertakoa), maskor gogorrez jantzitako ornogabea dugu. Muturraren puntatik atzealderaino, 11 cm-ko luzera izan dezake eta pisua, 80 g ingurukoa izan ohi da. Kolorea berriz, aldakorra izan daiteke, beti ere oliba ilunak edo arre-berdeskak nagusitzen direlarik.
Zori txarrez, karramarro Europearra oso urria da Deba Ibaian, errekatan gora joanez aurki genezake agian. Ibaian aurkitzen ditugun karramarroak ez dira bertakoak, jatorriz amerikarrak diren beste bi karramarro-espezie dira: karramarro gorria (Procambarus clarkii) eta seinaledun karramarroa (Pacifastacus leniusculus). Karramarro arrunta galzorian dago kanpotik ekarritako espezie hauek onddo izurriteak eragin baitizkie bertakoari.
Izokina
Salmo salar
Espezie migratzailea da. Ibaian jaiotzen da, itsasora migratzen du eta ibaira itzultzen da ugaltzera, itsasoan urtebetetik hiru urtera bitartean egon daitekeen denbora-epe aldakor bat igaro ondoren. Pisu desberdina izan dezake, 1,5 kg-tik hasi eta 7 kg-ra iritsi arte, itsaso-adinaren arabera. Ibai-amuarrain gaztearen antzeko kolorea du, eta zilar-kolorekoa da itsasotik itzultzen denean.
Uraren kalitatea erakusten duen espezie bat da, oso exigentea baita. Bidasoa, Urumea eta Oria ibaien arroetan aurki ditzakegu. Gainerako arroetan zenbait indibiduo isolatu. Gaur egun, ez dago Izokina Deba ibaian, kutsaduraren ondorioz desagertu baitzen, azken arrastoak XIX. mendekoak dira. Jesus Iraetaren arabera:
“Bere aitxitxa Venancio Yraeta (01-04-1865) zenak, sarri aittatzen zebala etxian, nola bere anai Hermogenesek ( 19-04-1865) izokina harrapatu zebala beren etxe aurrean. Kalebarrenen bizi ziran ta ibai aldera be atea zeukaten etxetik urtetzeko”.
Hemen azalduko diren arrantza teknikak kasu askotan ezin ziren erabili, jada debekatuak zeuden garai haietan, eta gaur egun guztiz debekatuak egongo lirateke, txinga edo harresixa adibidez. Atal honen helburua, beraz, ez da erabilgarriak diren arrantza teknikak azaltzea, baizik eta, gure herrian erabili diren arantza teknikak eta honi loturiko jakintza eta kultura gordetzea baizik.
Kañia
Teknika arruntena zen, kanabera, tantza (pita) eta amuarekin arrantzatzen zen, amuzki bezala lurreko txitxarea erabiltzen zen, baita oskoldun kanutiloa ere. Bestalde, artirinezko edo ogizko bola bat ere erabiltzen zen amuzki bezala. Amuarrainak eta barboak arrantzen ziren gehienbat.
Eskirola
Sare bat izaten zen inbutu formarekin, makila luze bati lotuta. Sakoneradun tokietan arrantzatzeko balio zuen. Askotan, ufala zegoenean, ura pilatuta gelditzen zen tokietan murgiltzen zuten tramankulua, bertan arrainak gotortzen baitziren. Edozein espezie arrantza zitekeen, baina normalki arrain txikiak harrapatzen ziren, ezkailuak eta loinak batez ere.
Botilia
Beirazko botilak erabiltzen ziren, ipurdia barrurantz sartuta zutenak, Botilaren ahoa itxita, zulo bat egiten zieten ipurdian. Botilaren sarrerak inbutu forma hartzen zuen, honela, arrainak erraz sartzen ziren baina gero ezin ziren irten. Botilaren barruan artirina edo ogia sartzen zuten arrainak bertara sartu zintezen. Normalki ezkailuak harrapatzeko erabiltzen zen.
Txingia edo remanga
Poltsa formadun sare bat izan ohi zen, soka bati lotuta, tamaina nahiko handia zuen eta ur sakonetan erabiltzen zen. Edozein espezie arrantza zitekeen baina normalki, ezkailuak eta loinak harrapatzen ziren.
Amua
Palangre ere deitzen zaio teknika honi, itsasoan ere oso erabilia da. Soka luze bati, metroka beste pita motzago bat lotzen zaio eta bertan amua jartzen da bere amuzkiarekin, honela amu ugari jarri daitezke muntai berdinean. Normalki egun osoa eduki ohi zuten uretan eta eguna argitu aurretik batu bihar izaten ziren. Normalki aingirak arrantzeko erabiltzen zen.
Butroia eta abusa
Butroia, sarearekin eta egurrezko aro batzuekin eraikitzen zen, inbutu zurrun bat egiten zuten, arrainak erraz sartzen ziren bertan, baian behin barruan zeudela ezin ziren irten. Artirina erabiltzen zuten arraina butroi barrura erakartzeko. Abusa, butroi formako eta tamaina handiko zumezko tramankulua zen. Teknika honek espezie guztietako arrainak arrantzatzeko balio zuen eta eraginkortasun handia zuen.
Butroiak eta abusak ongi egiteko artisautza eta teknika ezagutza beharrezkoa zen, ezagutza hauek, belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren. Baliteke, Soraluzen, butroigintzan aritutako azkenetakoa Margarita Azcarate Ganuza izatea (1897-1978).
Eskuz
Murgilean sartu eta urpean igeri eginez, zulo eta harri handien azpietan bilatzen ziren arrainak. Ia edozein espezie harrapa zitekeen eskuz, baina batez ere amuarrainen eta aingiren bila ibiltzen ziren, baita karramarroak ere.
Esparbela
Forma borobila duen sarea zen, sare hau jaurti egiten zen arrainak ikusten diren tokira. Sareak hertzean berunak zituen ondora joan zedin arrainak harrapatzeko. Sakonera gutxiko uretan erabiltzen zen, arrantzalea oin hutsik uretan sartzen zen arrainak ikaratu gabe eta ondoren sarea gainean botatzen zien. Txaneletik ere erabili daiteke.
Harresixa
Harriak pilatuz, hesiak sortzen zituzten, ura desbideratzeko eta honela arrainak ere nahi zituzten tokietara eramateko.
Txinga
Txinga sare bat zen, karratu luze itxurakoa. Ibaian alderik alde jartzen zen edo ibaian gora oinez igotzen zen sarea zabalik zutela. Teknika hau, debekatua zegoen kasu askotan, edozein espezie eta tamainako arrainak harrapatzen zirelako, sarraski handiak sortuz.