Berbak eta leku izenak
Deba ibaia Soraluzeko herriaren ardatza izan da bere sorreratik, ola eta errotentzako indarra, elikadura eta aisialdirako lekua eskaini die ibaiak mendetan zehar bere ibarrean bizi izan diren pertsonei. Ehunka urtetako erlazio estu honek ibaiaren inguruko toponimia eta lexiko aberatsa garatzea ekarri du.
Izen eta berba asko, belaunaldi gazteek ez dituzte ezagutzen baina herritar heldu askok oraindik gogoan dituzte beraien umetako denborak ibaian pasatzen zituzteneko tokiak; Olako-Osiña, Irukurutzeta edo Zumak adibidez.
Kultura honen zati handi bat denboraren putzuan galdu da baina Javier Elorza historialariak bere garaian egindako lanari esker, atal honetan, kontserbatu diren hainbat lekuen izenak eta berbak azalduko ditugu.
Bergarako herriarekin ibaiak muga egiten duen parajean kokatzen da Bolu izeneko lekua, zehazki ezkerreko ibarrean. Antzina, bertan irin errota zegoen, hortik bere izena. Errota honek, Egotza errekako urak erabiltzen zituen, eraikina guztiz desagertu zen trenbidea eraiki zenean XIX. mendean.
Kontrako ertzean, Mugarri dago, izen bereko baserriarekin, Bergara eta Soraluzeko herrien muga markatzen duen lekua da.
Zonalde honetan, ibaiak meandro handi bat egiten du, ondorioz, sedimentu ugari pilatzen dira, batez ere hondarra pilatzen da, horregatik deitzen zaio Ondarra leku honi.
Aurrekoarengandik 200 bat metro beherago, Iñasibarko ibi zaharra zegoen, justu Irukurutzetara heldu baino lehen. Ibaia zeharkatzeko erabiltzen zen, zabalera handikoa zen eta Txurruka auzoko baserritarrek erabiltzen zuten gehien bat, Osintxuko edo herri erdiko zubiraino joan gabe, errege bidera pasa ahal izateko.
Iñasibarko ibia, Sologoeneko zentral hidroelektrikora menditik ekartzen zuten ura biltzeko egin zen presa baten eraikuntzarekin desagertu zen.
Leku honen izena nahiko modernoa da, zehazki, egungo errepideak C. Mendizabal parean egiten duen bihurgune estuaren parean kokatzen den ibaiaren zatia da. Bi harkaitz handi zeuden uretatik irteten eta ura nahiko sakona zen, ume eta gazteentzat igeri egiteko toki kuttuna zen, gainera, inguruan errekarriz betetako ibaiertzak zituen, bertan lehortu, jolastu edo atseden hartzeko. Aisialdi leku bikaina zen.
Soraluzetar askorentzat, Olako-Osiñekour sakonetan sartu aurretikolehen igeriketa ikastaroa izan ohi zen.
Ibaiaren hurrengo tartea da, Saloguen-eko errekak urak ibaira isurtzen dituen artekoa hain zuzen. Aizkorak deitzen zaio, inguruko ibaiertzak harkaitzez josita daudelako, baita ur azalean ere. Ingurune bihurria eta arriskutsua da.
Egungo Serafin Atxotegiko etxebizitzetan hasi eta Olearaino doan ibaiaren tartea da, Errekaldeko kalearen puntu altuenena zegoen etxeak ematen dio izena.
Bertako ibai hertzak edo “urapiak” – gaur egun erabiltzen ez den hitza – nahiko erabilgarriak izan arren, normalki ez ziren erabiltzen igeri egiteko, lohi ugari pilatzen zelako hondoetan.
Igeri egiteko leku kuttunenetakoa da, batez ere, zentralarentzako eta Alberdi tailerrentzako XX. mendean Oleako presa egin ondoren. Presaren altuera handiak uraren sakonera asko areagotu zuen, igeriketarako leku ezin hobea bihurtuz.
Leku hau, aurretik ere igeriketarako erabiltzen zen, 1818-ko espedienteetan irakurri daitekeen bezala “Ahogamiento en la playa de Olea”. Orroaga edo gaur egun deitzen zaion bezala, Oleako errekak, hartxintxar eta harri txiki ugari ekartzen du menditik behera, honek, hondartza hantzeko bat sortzen zuen putzuarekin batera,”osiña” deitzen zioten gure arbasoek, hortik dator Olako-Osiña izena.
Osiña, sakona eta zabala zen, igerilari trebeak ibiltzen ziren soilik bertan. Uretara saltoak arruntak ziren, presatik bertatik eta baita errekaren kontra zegoen harresiaren gainetik ere, ausartenak berriz, inguruko makal handien adarretatik ere salto egiten zuten. Arrantzarako ere toki kuttuna zen herritarrentzat.
Aipagarriak dira, putzu sakon honetan zeuden “tapakuak”, hau da, pertsona nagusi bat zutik egonda guztiz murgildu zitekeen lekua, non jolas gustukoena, ea ur azpian nork ematen zuen denbora gehiago lehiaketa egitea zen, “amurgil” eginez.
Oleako presa eusten duen eskuineko dikearen eta Oelako auzora doan landa bidearen artean kokatuta zegoen hiruki formako gunea zen, ibaian behera ur asko zetorrenean gainezka egin eta bete egiten zena. Ondoren, lehortea zegoenean eta urik jasotzen ez zuenean, ur geldozko putzua sortzen zen, hortik dator ur-ustela izenaren jatorria.
Oleako presaren azpiko ingurunea zen, ibaiak ekartzen zituen hondakinekin irla txikiak sortzen ziren, “ugarreziak” deiturikoak, bertan zumeak hazten ziren, hortik lekuaren izena. Horiekin jolas ugari egiten ziren eta beste hondakinekin batera, gazteek txabolak ere egiten zituzten. “Ufalak” edo uholdeak etortzen zirenean gazteen jolaserako leku hauek desagertu egiten ziren.
Zumen tartearen ondorengo eskuineko ibai hertzari deitzen zioten, non garairen batean mahatsondoak egon zirena, hortik Maxpe izenaren jatorria.
Presaren altuera garaiari eta ibaiak zuen zabalerari esker, ibaiaren tarte hau oso etzana egiten zuen, ibaiari sakonera gutxi emanez, honek eskuz arrantza egiteko toki egokia bihurtzen zuen, inguruko harkaitz eta harri ugariei esker, barbo, loina, etb.-entzako gotorlekua zen.
Erlaegiko errekak ibaira urak isurtzen ditueneko lekutik behera doan tartea da, bere izena, XVII. mende hasieran eraikitako Magdalenaren ermitari zor zaio. Erlaegi erreka ibaira isurtzen den lekuan hareatza zabal bat eratzen zen, kaletik sarbide egokia zuena. Leku hau jolaserako erabiltzen zen, baita igeri egiteko eta arrantzarako ere.
Bestalde, zonalde honetan, “urakapiñak” pilatzen ziren, urakapiñak ufalak ekarritako egur eta enborrak izaten ziren, horiek etxeetako suak elikatzeko erabiltzen ziren. Oso ohikoa zen ume eta gazteak hondakin hauek biltzen ikustea.
Maalako gunea Errekaldeko “hapasua”-raino heltzen zen, pixka bat beherago zegoen lerrokatutako harriz eginiko igarobide zaharreraino hain zuzen. Ibaiaren hondoan kokatutako harri horiek, Santa Ana kaleko ibai hertzetik, Atxuriko beste hertzera igarotzeko balio zuten.
Gaur egun, ez zaigu gelditzen harpasuen arrastorik, 1915ean oinezkoentzat egin zen zubiaren eraikuntzaren ondoren, erabilpenik gabe gelditu zen antzinako igarobidea. Gainera, txanelak ibaian zehar igaro zitezen kendu egin ziren, Bukatzeko, ibaian egin ziren lan ezberdinen ondorioz, dragak, kolektoreak, ibai ertzetako ormak, etb., azken aztarnak desagertu egin ziren.
Tarte hau, Atxuriko zubitik Baltegietako presaraino doana, herrian dagoen ibaiaren gunerik egonkorrena da, uren sakonera eta leuntasunari dagokionez. Inguruan dituen etxebizitza ormen babesari eta ibilguan dagoen oztopo ezari esker, “txanelekin” edo txalupekin ibiltzeko ibaiaren tarte egokiena egiten dute. Izan ere, 1965eko ekainaren 13an, tarte honetan Pasai San Pedroren eta Jaizkibelen arteko traineru txikien lehiaketa ospatu zen.
Errekaldetik behera, Santa Ana kaleko etxeen azpiko ibarrean hareatza bat zegoen, bertan, “txanelak” gordetzen zituzten herritarrek, batez ere Meltxorrenekua eta Armendietxe etxeen azpian.
Azken etxe honen azpiko tokia, kaletik ibaira sartzeko erabiltzen zena izendatzeko, Zerkia hitza erabiltzen zuten gure arbasoek, gal zorian dagoen hitz zaharra. Kontrako ibai hertzean, Erregetxe Zaharretik gertu, Kolarra izeneko harkaitz handia zegoen ur azalean. Kolarra, Gerrate Zibilaren aurretik ospatzen ziren igeriketa lasterketetan erreferentzi puntu bezala erabiltzen zen, Arrio-Gaineko zonaldetik hasita.
Zerkia-Kolarra gunea, oso aproposa zen aingirak, barboak eta loinak arrantzatzeko, butroiak erabiltzen zituzten eta baita txingak harresiekin batera.
Herriko zubi nagusiaren inguruko tokia da.
Zubi nagusia pasa ondoren ibaiaren ezkerreko ibarrean kokatzen den etxeari deitzen zitzaion. Lekuaren izena ongi gorde da, gaur egun bertan dagoen elkarteari esker.
Arrio-Gaina, igeriketarako leku berezia zen, ibaira jaisteko sarbide hona baitzuen, baita bertan zegoen harresiarengatik ere. Oso aspalditik eta jaiekin batera, “kukaña” , jauzi eta igeriketa txapelketak ospatu ohi ziren.
Kalebarrengo etxeen azpian sortzen zen hareatzari deitzen zitzaion, bukaerako zatia oso zabala izan ohi zen.
Gabolatzeko harpausuen beste hertzean, eskerreko ibarrean, Igaretako errota zegoen garai batean, honek ematen zion zonaldeari bere izena. Ondoren Malmero izena ere eman zitzaion, bertan bizi izan zen familiari erreferentzia eginez.
Bere izenak dioen bezala, Igaretako errotaren presaren azpian putzu handi bat sortzen zen, sakonera handikoa.
Presaren tamaina eta ur korronteen ondorioz, zertxo bait beherago, ibaian behera datozen hondakinek, erdi aldean irla luzexka bat sortzen zuten, hemen sortzen zen herriko ugarrezi garrantzitsuena.
Leku hau herriko neska-mutilek asko erabiltzen zuten jolaserako eta baita txabolak egiteko, denbora luzeak igarotzen zituzten bertan. Gabolatzeko harpasuari ezker, udaran batez ere, erraz heldu zitekeen bertara.
80. hamarkadan, hondakin multzo hauek sortu ez zitezen ibaian lanak egin ziren, batez ere uholde arriskuak saihesteko, baina denbora gutxian berriro sortu zen ugarrezia, honek erakusten digu irlak naturalki birsortzeko duen ahalmena.
Loraldeko errekak bere urak Deba ibaian isurtzen dituen lekuan, Ugarresia igaroz, ibaia zeharkatzeko Harpasuak zeuden. Harpasu honen berezitasuna, Errekaldekoen aldean, hasierako ur sakonetan jarrita zeuden harkaitz handien tamaina zen. Harkaitz horiek oraindik ikus daitezke eskuineko ibai hertzean jarrita. Herritar askok erabili ohi zuten Baltegietako errege bidera pasatzeko, zubi nagusiraino joan gabe.
Igaretaren ondorengo ibaiaren zatiari deitzen zitzaion, gaur egun Gabolatzeko zubitik hasita, S.A.P.A.-ko lehengo eraikinetik hasi eta bulegoen eraikinera arte. 1915. urtean, S.A.P.A.-ko pabiloiak eraiki aurretik, toki honetan Umilladeroaren ermita kokatzen zen, 1834-ko uholdeetan ordea, ermita hura suntsitu egin zen baina herritarrek izen zaharra erabiltzen jarraitu zuten.
S.A.P.A. pareko ibairen zatiari deitzen zitzaion. Enpresa honentzako eraikinak egin aurretik ibaiak zuen zabalerari erreferentzia egiten dio tokiaren izenak. Erreferentziak oso zaharrak dira, 1534an bertan egin ziren presa eta zubiaren eraikuntzarenak, gaur egun existitzen ez direnak.
Ibaizabalaren bukaerako zatiari deitzen zitzaion, bertan, presa eta zubiarekin batera, errege bidearen ezkerreko aldean eraiki ziren ola eta errotari erreferentzia eginez, gaur Baltegieta kalean. Gaur egun, Olabarrenako eraikinak deseginda daude, etxebizitzak (etxe domotikoak) egin baitziren bertan. Ibaiak eta inguruneak garai hartan zuen itxura ere oso ezberdina da, ibaia bideratzeko eraiki ziren ibarreko pareten ondorioz.
Ibaiaren hiriguneko azken zati garrantzitsua da, Olabarrenaren ondoren Sagar-Errekako urak ibaian isurtzen direneneko tokia. Gaur egun, garai bateko aztarna guztiak desagertuta daude errepidearen eraikuntzaren ondorioz. Bere izenak, inguruan zegoen errotari erreferentzia egiten dio. Ingurunea oso eraldatuta dago, errepidea eta poligono industrialarekin batera egin ziren ibarreko pareten ondorioz.