Ezaugarri nagusiak

Soraluzeko herria, milioika urtetan Deba ibaiak higaduraren ondorioz sortutako bailara estu baten barnean kokatzen da. Bailara malkartsu hau, ibaiak berak eta inguruko mendiek osatzen dute, 600 metro baino altuera handiagoa duen zintzur estu batean.

Ezaugarri orografikoez gain, Deba ibaia Soraluzeko herriaren erdigunea da zentzu askotan. Herria dagoen tokian eraiki izanaren arrazoi nagusia, ibaia eta bere arroa erabiltzea izan zen; Soraluze ez zen existituko Deba Ibairik gabe. Ustiapenaz gain, 60. hamarkadan guztiz kutsatu zen arte, ibaia, herriko bizitzaren erdigune izan zen, arrantzarako eta aisialdirako batez ere.

Deba Ibaia herriaren ardatz geografikoa eta hidrologikoa da eta ibilguaren erdi aldean kokatzen da Soraluzetik igarotzen denean. Hegoaldean Osintxutik sartzen da herrira eta iparraldean Maltzagatik irteten da. Deba ibaia Arlabango mendietan jaiotzen da, itsas mailatik 600 bat metrotara, Hiruerreketa izeneko parajean, Leintz Gatzaga inguruan. Bailara osoa zeharkatzen du, Leintz Gatzagan hasi eta Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergara igaro ondoren Soraluzera heltzen da. Ibaia ondoren, Elgoibar eta Mendarotik igarotzen da Debako itsas adarrean hiltzen den arte.

Hiruerreketa

Euskal Herriko ipar isuri aldeko ibai guztiak bezala, Deba ibai motza eta malkartsua da, 62,4 Km km ditu guztira, %2,1ko bataz besteko aldaparekin. Bere emaria ez da oso handia, bataz beste 11,85 m3/s, baina adierazgarria da urtean zehar izan ditzakeen emari aldaketak.

Ibaiaren irudia emari normalarekin
Ibaiaren irudia emari handiarekin

Esaterako, 1196 eta 2014 artean, 0,95 m3/s-ko gutxieneko emaria eta 132,63 m3/s-ko gehieneko emaria neurtu ziren, honek esan nahi du, 130  aldiz biderkatu daitekeela ibaian bera datorren ur kopurua, eta gainera denbora gutxian gerta daiteke orografia malkartsuaren ondorioz.

Ibaiaren irudia emari txikiarekin

Ibaiak Soraluzeko herriari bere itxura ematen dio, herria bere hertzetan eraikia baitago. Soraluzeko tarteak 5 km ditu, eta horietan 35 bat metro jaisten da (110 metrotatik 75 metrotara) eta 20-25 metrotako zabalera du leku gehienetan.

Hiru gune nagusitan banatu daiteke ibaiaren arroa herrian:

  1. Deba Ibaia
  2. Sagar-Erreka
  3. Bigarren mailako ibai adarrak
Zazpi adar nagusiak

Soraluzeko bailara

Deba Bailarak orografia malkartsua du, batez ere Soraluzeko herrian. Ibaia da herriaren ardatz orografikoa eta honek ematen dio bailarari duen itxura eta forma. Zintzur estu bat eratzen du ibaiak inguruan dituen mendi malkartsuekin batera, mehargune hau bailarako estuena da, Maltzagan hasi eta Mekolalderarte.

Eskuineko ibarrean Karakate-Hirukurutzeta mendi lerroa dugu, 800 metro inguruko altueraraino eta ezkerreko ibarrean berriz, Krabelinaitz-Topinburu mendigunea daukagu, 600 metro inguruko altuerarekin. Soraluzen, ibaia, itsas mailatik 100 metro inguruko altueran dagoela kontuan hartzen badugu, bailara benetan sakona eta estua dela baieztatu genezake.

Bailara eta inguruko mendiak

Honez gain, mendi magaletan, ibai adar ugari ditugu, hauek ere oso malkartsuak dira. Ibaiaren bi ibarretan, bigarren mailako bailara txikiagoak sortzen dituzte, horiek ere sakonak eta meharrak dira.

Zazpi adar nagusiak

Deba ibaiak garrantzi izugarria izan du mendeetan zehar Soraluzeko herritarrentzat, 60. hamarkadan guztiz kutsatu zen arte. Gaur egun, herriko paisaiaren erdigune izaten jarraitzen du, baina ezer gutxiago.

Ibaia gaur egun

Ibaiaren ustiapen jarduera nagusia, bertatik energia eskuratzea izan zen, olek eta errotek beharrezkoa zuten mugimendua eta indarra lortu ahal izateko batipat. Metalaren lanketa izan da mendeetan zehar herriaren sostengu nagusia eta hau ibaiak eta honen ibaia adarrek ahalbidetu dute, seguru aski, Soraluzeko herria ez zen sortuko inoiz dagoen tokian, ibaia eta bere arroa diren modukoak izango ez balira. Era berean, jarduera industrial honek, tamalez,  ibaiaren beraren suntsiketa ekarri zuen.

Malmero zentrala. Presa eta erretena.

Ibaia kutsatu aurretik bizitzaz beteta zegoen,  arrantza eta janaria ematen zien familiei. Bestalde, aisiaren erdigunea ere bazen; bai jolasteko eta baita udako egun beroetan bertan freskatu eta igeri egiteko.

Umeak ibaian

Ala ere, 2000. urtetik aurrera Ibairen kutsadura maila asko jaitsi da eta gaur egun animalia ugari ikus daitezke bere uretan. Garrantzizkoa da aurretik egin diren akatsak ez errepikatzea eta gaizki egin diren ekintzetatik ikastea, ibaia etorkizun batean berriro herriko bizitzaren erdigune bilakatu dadin.