Dolmenen ibilbidea
Gizakiaren ezaugarrietako bat da iraganarekiko interesa izatea, eta gaur egun ere bizi-bizirik jarraitzen du. Jakin-min hori funtsezkoa izan zen Historiaurrea diziplina gisa sor zedin, antzinako gizon eta emakumeak ezagutzeko interesari jarraituz. Gizon-emakume horiek paisaia eraldatu zuten Neolitotik aurrera, hilobi-monumentuak eraikiz. Gizakiaren historiako aldaketarik garrantzitsuenetako bat Neolitoan gertatu zen. Garai hartan agertu ziren nekazaritza eta abeltzaintza, teknologia berriak garatu zituzten eta eraldaketa ugari gertatu ziren; horiek giza taldeen bizimodu sozialari, erlijiosoari eta ekonomikoari eragin zioten. Aldaketa horien ikur gisa, hainbat hilobi-egitura eraikitzen hasi ziren: megalitoak. Horiek pentsaera berri bat agertu zela adierazten dute hiletei, sinesmenei eta hildakoenganako begiruneari dagokienez. Penintsula osoan sakabanatuta daude megalitoak, hainbat multzotan, eta forma desberdinak dituzte eraiki zituzten Historiaurreko unearen arabera.
Baina, gure hurbileko paisaietan ere badaude! Lilura ikaragarria sortzen dutenez, tokiko kondaira eta tradizioetan agertzen dira. Hori dela eta, ikerketen hastapenetatik, historiaurrelarien ikergaiak izan dira. Lan horretan, zalantzarik gabe, Jose Miguel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Egurenen jarduera nabarmentzen da. Ikerlarien hirukote horrek megalitismoaren ikerketa bultzatu zuen XX. mendearen hasieratik. Hala, megalitoak eraikitzeko modua, barruan zer material izaten zuten, eta zer ingurune natural eta geologikotan zeuden ikertu zuten. Era berean, historiaurreko eraikuntza horien inguruan sortutako tradizio eta kondaira guztiak bildu zituzten.
Haiek egindako lanari Jesus Tapiak, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak, eman dio jarraipena azken urteotan. Debabarreneko Udalek Dolmenen ibilbidea balioan jartzeko egiten ari diren ahaleginaren baitan.
Ahalegin horiei esker, gero eta hobeto ezagutuko ditugu hildakoak lurperatzeko egitura hauek eraiki zituzten historiaurreko taldeak. Haien hilobiak oraindik ere ikusgai daude mendietan, gogoangarri gisa. Ondarea kontserbatzeak eta errespetatzeak aukera ematen digu egitura megalitikoetara eta horiek eraiki ziren inguruneetara gerturatzeko, bertan ibiltzeko eta bisita egiteko, Historiaurrera modu zuzenagoan gerturatzeko. Pribilegiatuak gu!
MARRAZKIAK: EƱaut Aiartzaguena.