Aranzadi, Barandiaran eta Egurenen ikerketak
1920ko abenduaren 26an Jose Miguel Barandiaran jaunak Elosua-Plazentziako lehen trikuharriak topatu zituen Ignacio anaiarekin paseatzen ari zela, eta 1921ean beste 4 topatu zituen Carlos Orueta doktore jaunarekin batera. Guztira, 16 monumentu identifikatu zituen. Handik egun gutxi batzuetara, ekainaren 30aren eta uztailaren 1aren artean, Estazio Dolmenikoan indusketa-lanak egiteko prestaketak abiatu zituzten. Elosuko apaizaren etxean hartu zuten ostatu Telesforo Aranzadik, Jose Miguel Barandiaranek eta Enrique Egurenek, eta uztailaren 2an hasi ziren miaketa-lanetan, Soraluzeko langileen laguntzarekin.
8 egunez egin zituzten miaketak, Irukurutzetatik Gizaburuagarako ibilbidea jarraituz. Ondoren, Aizpuruko Zabala eta Polpoletik itzuli ziren, eta Kerexetatik jarraitu zuten, Agirreburura iritsi arte. Monumentu guztietan, indusketekin hasi aurretik, ezaugarriak deskribatu zituzten. Monumentuaren kokapen topografikoa eta gertueneko trikuharriekiko distantzia ere adierazi zituzten. 16 trikuharrietatik 2 (Sabua eta Gizaburuaga), ordea, ez zituzten induskatu, kontserbazio-egoera txarrean baitzeuden.
Lan aitzindari horiek erritmo azkarrean egin zituzten, gure gaur egungo lan egiteko modua kontuan hartuta jarraitu ezin dugun erritmoan, baina garai hartako zorroztasun metodologikoa jarraitzen zuten eta ia ezezaguna zen ikuspegi arkeologiko bat argitzera zeuden bideratuta. Hala, pikotxa eta pala erabiliz, goizean trikuharri bat eta arratsaldean beste bat miatzen zituzten, eta hilobi-ganberetan bakarrik egiten zituzten indusketa-lanak, edo, asko jota, lubaki bat irekitzen zuten tumulu batean zehar. Dena den, asko saiatu ziren kasu bakoitzeko elementu arkitektonikoak neurtzen eta deskribatzen, monumentuak krokisen eta argazkien bidez erregistratu zituzten, eta ateratako lur guztia bahetu zuten, ahalik eta hondakin arkeologiko gehien berreskuratzeko, tamaina milimetrikoa zutenak barne.
Aitzindariak ikerketan
Aranzadi, Barandiaran eta Eguren 1917an hasi ziren batera lan egiten, Exploración de nueve dólmenes del Aralar guipuzcoano lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako megalitismoari buruzko ikerketa sorta emankor bateko lehen ikerketa izan zen hura. Sorta haren baitan, honako estazio dolmeniko hauek ikertu zituzten: Aizkorri (1918), Ataun-Burunda (1919), Altzania (1920) eta Elosua-Plazentziako hau (1921).
Telesforo Aranzadik (Bergara, 1860 – Bartzelona, 1944) Farmazia eta Natura Zientziak ikasi zituen, eta Antropologiako katedraduna izan zen Bartzelonako Zientzien fakultatean. P.M. Soraluzerekin batera hasi zituen megalitismoari buruzko miaketak, hark topatutako Egiar (1905) eta Errengako (1915) cromlechak/harrespilak induskatzen. Era berean, 1913an, J. Iturralde y Suitek topatutako Nafarroako Aralarko 5 trikuharri induskatu zituen F. Ansoleagarekin batera.
Jose Miguel Barandiaranek (Ataun, 1889-1991) Filosofia, Teologia eta Irakasle ikasketak egin zuten Gasteizen, eta, Teologian lizentziatu ondoren, Leipzigeko (Brusela) eta Sorbonako unibertsitateetan jarraitu zuen ikasten, prestakuntza handiagoa jasotzeko. Antropologiari eta Etnologiari buruzko ikastaroetara joan zenean, euskal kultura, folklorea eta mitologia aztertzeko interesa piztu zitzaion, eta, 1916 eta 1917 artean, Jentilekin lotutako kondairak erregistratuta zituzten hainbat leku bisitatu zituen. Hala, 42 monumentu megalitiko topatu zituen Aralarren, Altzanian, Aizkorrin eta Elgean. Horien berri eman zuen Euskalerriaren alde aldizkarian. Informazio horietatik abiatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Aralarreko trikuharrien lehen sorta baten miaketa egiteko enkargua eman zion, Aranzadirekin batera.
Enrique Eguren (Gasteiz, 1888 – Oviedo, 1944) Natura Zientzietako doktore egin zen Madrilgo Unibertsitatean, 1913an, eta 1915ean Botanikako eta Mineralogiako katedra eskuratu zuen Oviedoko Unibertsitateko Zientzien fakultatean. Egurenek Larrazabalgo trikuharria eta Okinako tumulua induskatu zituen, eta 1914an emaitzak argitaratu zituen honako izenburu hau zuen doktore-tesian: Estudio Antropológico del Pueblo Vasco. La Prehistoria de Álava. Eguren miaketetan txertatzeko proposatu zion Aranzadik Barandiarani, eta hark gustura onartu zuen gonbidapena. Hala, behin betiko forma eman zioten lantalde aitzindariari 1917an.
Hiru ikerlarien profila oso naturalista da, eta hori oso garbi ikus daiteke estazio dolmenikoak dauden lekuko erliebearen, geologiaren eta paisaiaren deskribapenetan; baina profil antropologikoa ere badute, ez soilik haien ikerketen helburu eta irismen arkeologikoagatik, baita arakatutako lekuetan bizi zen jendearen kondaira, erabilpen eta tradizio etnografikoei egiten dizkieten erreferentzia ugariengatik ere. Bestetik, lantaldeko hiru kideen prestakuntza zientifikoak eta beste ikerlari batzuekin zuten harremanak aukera eman zien haien emaitzak testuinguruan kokatzeko eta garai hartan Historiaurreaz ezagutzen zenarekin modu koherentean interpretatzeko. Hala, trikuharri horien tokiko izaera eta nortasun propioa nabarmendu zituzten, eta haiek eraiki zituztenen ohitura batzuek gure kulturan ere bizirik jarraitzen dutela aldarrikatu zuten. Haien interpretazioetan ukatu egin zuten Historiaurrean zehar Euskal Herria kulturalki bakartuta egon izana. Aitzitik, Europatik iritsitako fenomeno eta korronte kulturalak herrialde honetan nola interpretatu zituzten aztertzean oinarritzen da haien ikuspegia.
Indusketen emaitzak
Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek Elosua-Plazentzian egindako ikerketak miaketa huts baino gehiago izan ziren. Helburua ez zen izan topatutako egituren trikuharri-izaera egiaztatzea bakarrik, baizik eta sakon aztertzea, haien arkitektura eta hondakin arkeologikoak Gipuzkoako hegoaldeko mendilerroetan ordurako dokumentatu zituztenekin alderatzeko. Hain zuzen ere, Sabua eta Gizaburuaga trikuharritzat jotzen jarraitu zuten, induskatu ez zituzten arren. Gauza bera gertatu zen barruan hilobi-ganberako lauzarik topatu ez zuten kasuetan ere. Arribiribilletako kasuan baino ez zuten frogatu indusketa-lanek hura ez zela trikuharri bat. Aurrerago hitz egingo dugu horri buruz.
Honako monumentu hauek arakatu zituzten: Gizaburua (induskatu gabe), Iruiya, Sabua (induskatu gabe), Atxolin, Atxolintxiki, Aizkoin, Pagobedeinkatu, Naasiko Goena, Aizpuruko Zabala, Kurutzebakar, Arribiribilleta (indusketaren ondoren baztertuta), Irukurutzeta, Keixeta, Keixetako Egiya iparraldea, Keixetako Egiya hegoaldea, Maurketa eta Agerreburu. Barandiarenek izendatu zituen bezala.
Kasu guztietan, irtengune konkortu bat ikus zitekeen lur gainean, pilatutako harrizko blokeekin eraikia. Tumulu hauen oinplanoa zirkularra da eta diametroa 10 eta 20 m artekoa. Altuera, berriz, 30 cm eta 2,5 m artekoa. Zoritxarrez, trikuharri guztietan argi ikus zitekeen arpilatu eta suntsitu egin zituztela. Lurperatzeak egongo liratekeen hilobi-ganberei dagokienez, Elosua-Plazentzian ez zen dokumentatu osorik zegoen hilobi-ganberarik, eta lauzarik ez zuten trikuharriak (Atxolintxiki, Aizkoin, Pagobedeinkatu, Naasiko Goena, Kurutzebakar, Keixetako Egiya iparraldea, Maurketa) adina ziren gutxienez lauza bat zutenak (Iruiya, Atxolin, Aizpuruko Zabala, Irukurutzeta, Keixeta, Keixetako Egiya hegoaldea, Agerreburu)*. Nolanahi ere, ganberen forma eta gehieneko neurri zenbatetsiak –mantentzen diren lauzen tamainan eta posizioan oinarrituta– honako hauek lirateke: laukizuzen edo trapezio formako oinplanoa, itxiak, eta 2×1,5 m inguruko aldeak.
Material arkeologikoen gaineko aurkikuntzak urriak izan ziren, trikuharrien narriadura zela eta. Keixetako Egiya hegoaldeko trikuharrian txorten eta hegaldun gezi-punta bat, marruska bat eta aizkora leundu bat berreskuratu zituzten, Kalkolito-Brontze garaikoak izan daitezkeenak. Gainerakoetan, ezagutzeko moduko forma duten suharrizko pieza bakarrak Irukurutzeta, Aizpuruko Zabala eta Maurketan topatutako elementu geometriko txikiak dira, Neolitoaren eta Kalkolitoaren artean koka daitezkeenak. Maurketan eta Kurutzebakarren harri-kristalak topatu zituzten, ziur asko, talisman gisa erabiltzen zituztenak. Lepokoen aleei dagokienez, bi motatakoak aurkitu zituzten: ale globular handiak Maurketan (egileek “zinginarri” edo “abilayuak” direla uste dute, kutunak), eta zirrindola txiki lauak Maurketan, Keixeta Egiya iparraldean eta Aizpuruko Zabalan. Topatutako giza hezur gutxiak Maurketan eta Agerreburun baino ez ziren agertu. Agerreburun ontzi beraren zeramikazko hainbat zati berreskuratu zituzten, eta zati gutxi batzuk Keixetako Egiya hegoaldean eta Iruiyan.
Dena den, orokorrean aurkikuntzak urriak izan ziren arren, elementu arkitektonikoek eta material arkeologikoek koherentzia handia zuten Aralarren, Ataun-Burundan eta Aizkorrin egindako aurreko miaketetan berreskuratutakoekin alderatuta. Hala, populazio dolmeniko horien jarraikortasuna zehaztea lortu zuten, isurialdeen banalerroko mendietatik hasi eta kostalde atlantikora arte.
Azkenik, nabarmendu beharrekoa da aitzindariek, haien lehen lanetatik hasita, osotasunean aztertu zituztela estazio dolmenikoak. Batetik, lan aitzindari honen eta beste lan aitzindari batzuen lorpenik handienetako bat gune horiei estazio izendapena ematea izan zen, multzo antolatuak direla adieraziz. Hortaz, ez da nahikoa trikuharri bakoitza modu bereizian aztertzea. Denboran eta espazioan zehar elementuak euren artean nola antolatzen diren aztertu behar da, baita haien posizioa zer ezaugarri topografiko eta fisikok zehazten duten ere. Elosua-Plazentziako kasuan, monumentu kopuru handiak garbi erakusten du bat datorrela gailur-lerroarekin, eta agerian uzten du banaketak antolaketa argia duela.
Bestetik, aitzindarien ustez tumulu guztiak trikuharriak dira, nahiz eta batzuetan ez diren mantentzen hilobi-ganberetako lauzak. Hau da, jatorrian, hilobi kolektiboak izango ziren guztiak, eta bakoitzak bere ganbera izango zuen, lauza handiz eraikia eta harrizko tumulu batez inguratua. Ganberako lauzak topatu ez dituzten kasuetan, lurzorua irauli izanaren eta arpilatzeak jasan izanaren zantzu argiak daude. Horiek interpretatzeko, oso lagungarriak dira araketen memorian jasotako erreferentzia etnografiko eta historikoak. Dena den, ohar historiko horiek, altxorrei buruzko kondairek edo deskribatutako ohitura tradizionalek ez dute balio trikuharrien egungo narriadura azaltzeko soilik. Horrez gain, haien balio kulturala ere aberasten dute, eta gure folklorearen eta gure ondare immaterialaren zati bat eransten diote haien historiari.