Muskiritzu: Mendi bat, hiru herri

Muskiritzu: Mendi bat, hiru herri

Muskiritzu mendilerroa Gipuzkoako mendebaldean dago, Deba ibaiaren ibilbidearen erdialdera, eskumako aldean. Mendebaldeko magalean, ibaiak higatu ezin izan dituen basaltoen artean, Soraluze udalerria dago; ekialdeko magalean, Elgoibar eta, hegoaldekoan, Bergara.

Kokalekuaren aireko argazkia. Euken Alonso.
Kokalekuaren aireko argazkia. Euken Alonso.
Karakateko sumendi formazioak. Carlos de Cos.
Karakateko sumendi formazioak. Carlos de Cos.

Inguruak jatorri bolkanikoa du; eremu horretako lurrak garai batean itsas hondoan gertatutako erupzioek goratu zituzten. Aztarnarik ikusgarrienak labak urarekin kontaktatu eta hoztean eratu zituen kuxin- edo pillow-labak dira, eta horiekin batera, mendigainean dauden harrizko tximinia erraldoiak.

Jatorri bolkanikodun litologiaren ondorioz, mendilerroaren orografian aldapa malkartsuak dira nagusi, amildegiek eta errekek zeharkatuak, eta higatzen zailak. Historiaurreko trikuharrietatik hasi eta oraintsu arte, mendetan zehar, inguruko gizakiek ofita harria erabili izan dute eraikuntza eta arte adierazpenetarako material nagusi moduan.

Muskiritzu. Jatorri bolkanikoen aztarnak. Mikel Valero, 2019.
Jatorri bolkanikoen aztarnak. Mikel Valero, 2019.

Izen ugari erabili izan dira mendia izendatzeko: Muskiritzu, Mazelaegi, Kortazar, Elosua-Platzentzia mendilerroa, Karakate, Mendigaina… Baina baserri izenetatik datozenak baztertu ostean, Dolmenen Ibilbidearen ikerketak aukera eman du Muskiritzu izen zaharra berreskuratzeko. Elezaharren arabera, izena latinezko “Mons quiritum”-etik dator; hala jaso zuen, behintzat, Juan Antonio Mogelek orain dela 250 bat urte, Leloren kantua-ri buruzko eskuizkribu batean.

Kondaira horrek, baina, beste askok bezala, gertaera historiko batean dauka jatorria; izan ere, Aranzadiko arkeologoek egiaztatu dutenez, orain dela 2000 urte inguru, erromatarrek gerra kanpalekua eraiki zuten bertan, karistio eta barduliarren arteko muga zen leku estrategikoan.

Muskiritzu. Sumendi formazioen aztarnen aireko irudia. Carlos de Cos.
Sumendi formazioen aztarnen aireko irudia. Carlos de Cos.

Muga ez ezik, haranen arteko pasabidea eta barnealdeko lurraldeen itsasorako irteera naturala ere izan da Muskiritzu. Esaterako, bertatik pasatzen zen Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia; mendebaldetik (Iruretik) Soraluzen sartu eta Deba ibaia zeharkatzen zuen, ondoren aldapan gora jarraitzen zuen mendigainera arte eta handik Urola aldera jaisteko.

Jende ugarik zeharkatu zituen lur horiek, alde baterantz zein besterantz, harik eta XVIII. mendearen amaieran, Maltzagako bide berria zabaldu zuten arte.

Arabako lurretatik itsasorako pasabide izanik, lur horien gaineko kontrola eskuratzeko nahiak liskarrak eragin zituen, eta bertan ezarri zuten Gaztelako eta Nafarroako erreinuen arteko marca edo muga, bi erreinuok kokapen estrategikoaren jabe izateko lehian murgilduta zirela: Marquina del Bajo Deba (Markina de Yuso, gerora Soraluze eta Elgoibar izango zirenak; eta Markina de Suso, gerora Eibar eta Markina).

Gaztelako erresumak, garaile zelarik, hiru hiribildu sortu zituen bidearen alboan: Bergara (1268), Soraluze (1343) eta Elgoibar (1346). Muskiritzuren inguruan hirurak. Gerora, bertako emakume eta gizonak gai izan ziren gabeziak indargune bihurtzeko eta inguruko ur lasterren indarra eta kokapen estrategikoa aprobetxatuz, burdinolak eta forjak jarri zituzten martxan, armagintza industria garrantzitsua garatuz.

Muskiritzuk ez du inoiz galdu inguruko gizataldeak erakartzeko ahalmenik eta jarraitzen du Soraluzeko, Elgoibarko, Bergarako eta Azkoitiko baserritarren topaleku izaten: garoa batzeko gune, egurra garraiatzeko… Oraindik ere ohikoa da herri horietako baserritarren ardiak, behiak edo zaldiak ikustea bertan, larrean.

Muskiritzutik. Mikel Valero, 2020.
Muskiritzutik. Mikel Valero, 2020.

Indar espiritual handiko eremua ere bada. Mendeetan zehar, bertan sortutako kondairek eta ohiturek presentzia garrantzitsua izan dute inguruko herrietako kultur-sorkuntzan: jentilen garaiko kondairak, altxor ezkutuak, sinesmen paganoen gurtzari izaera erlijiosoa emateko ikur eta adierazpenak…

Urtero urtero, maiatzeko Gurutze Santuko egunean, Irukurutzetako erromeria ospatzen da. Oso sonatua izaten zen sasoi batean, Soraluze, Elgoibar, Bergara eta Azkoitiako lagun asko eta asko bildu ohi zirela bertan. Modu apalagoan bada ere, oraindik ospatzen da Irukurutzeta Eguna.

Gaur egun, inguruotako aisialdirako naturgune estimatuenetakoa da eta Soraluze, Elgoibar eta Bergarako herritarrez gain, Euskal Herri osoko beste hainbat herritako mendizaleak inguratzen dira bertara. Izan ere, mendigaineko bidexka ezin erosoagoa da oinezkoendako eta gainera aukera eskaintzen du tartean dauden mendixkak igo edo inguratzeko, eta, batez ere, talaia beretik mendiei eta itsasoari begiratzeko: iparralderantz kostaldeko mendixkak eta Kantauri itsasoa ikus daitezke; eta, gainerako norabideetan, berriz, mendi tontor ederrak; tartean, Aizkorriko mendilerroa, Udalatx, Anboto, Oiz…

Eta naturan egun ederra igaro ostean, herriak ezagutzea gustatzen zaion bisitariak, artean ere, aukera ezin hobea dauka kaleetan barrena bertako historiaren lekuko diren altxor txikiak bilatzeko: dorretxeak, jauregiak, armarriak, elizak, elizatariak, museoak, bidegorriak…; ahaztu barik, indarrak berreskuratzeko eta janedanerako dauden toki bikainak.