Ingurune fisikoa
Euskal Herriak eta bertako mendi gehienek duela milioika urte itsaspean eratutako hainbat arroka motatan dute jatorria. Garai hartan azaleratutako bi plaka kontinentalen (Iberikoa eta Europarra) arteko urpeko arro batean sortu ziren arroka horiek (Euskokantauriar arroa). Bi plaken higaduraren ondorioz sortutako sedimentuak haizeak eta ibaiek eramaten zituzten itsasoraino, eta Euskokantauriar arroaren hondoraino prezipitatzen ziren itsasoko organismoen hondakinekin eta oskolekin batera. Hala sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun arroka sedimentarioak (hareharriak, margak, kareharriak, etab.).
Dena den, Permiarraz geroztik (299 milioi urte) Euskokantauriar arroaren azpiko azala fintzen eta zartatzen ari zen, eta Kretazikoan zehar Iberiar plaka biratu zenean, deskonpresioak astenosferaren zati baten fusio partziala eragin zuen, eta hainbat gertaera magmatiko izan ziren.
Gertaera bolkanikoak mota eta anplitude anitzetakoak izan ziren, eta Goi-Albiarraren eta Santoniarraren artean gertatu ziren (113-83,6 milioi urte). Igotzen zen magmaren tenperaturaren, konposizioaren, biskositatearen eta hozte-abiaduraren arabera, mota ugaritako arrokak eta mineralak sortu ziren, hainbat egitura motatan: laba-koladak, metakin piroklastikoak, dikeak, sill-ak, stock-ak, etab.
Euskokantauriar arroaren geruza sedimentarioetan irekitako hausturetatik barrena magma basaltikoak igo ziren eta dikeak sortu ziren. Baina horietako batzuk itsas-hondoraino iritsi ziren eta erupzio bero eta leherkorrak eragin zituzten. Hala, hainbat motatako laba-koladak (kuxin-formakoak, taula-formakoak, lobulatuak) eta metakin piroklastikoak (tobak, bretxak, etab.) sortu ziren.
Nolanahi ere, magma guztiak ez zuen azala zeharkatu, eta poltsak edo stockak eratu ziren. Horiek, Euskokantauriar arroan pilatutako sedimentu-geruzen artean (sill-ak) gera daitezke tartekatuta, edo sedimentu horien eta dagoeneko solido bihurtutako koladen artean. Hala, hozte geldoko beste arroka mota batzuk eratzen dira.
Arroka bolkanikoek eta azpibolkanikoek itsasoko ura ukitu zutenean, tenperatura altuan (800-1.200 ºC) sortutako mineralek hainbat eraldaketa jasan zituzten, haien tenperatura bat-batean jatsi zelako (200 ºC) eta erreakzio kimikoak gertatu zirelako hidratazioaren eta karbonatatzearen ondorioz.
Masa bolkanikoan zehar ura sartzeak eragin ezberdina izan zuen arroka porotsuenetan (kolada besikularrak, egitura bolkanoklastikoak eta hautsitako arrokak) eta hautsi gabeko arroka masiboetan (labak, dikeak eta intrusioak). Hala ere, alkalinotasun altua zutenez, Euskokantauriar arroko arroka bolkanikoek jasan zituzten eraldaketa fisiko-kimikoek ez zuten guztiz aldatu haien konposizio kimikoa. Hortaz, gaur egun Hawaii irletan edo Afrikako Riftean azter daitezkeen basaltoekin aldera daitezke hemengoak.
Karakateko arroka bolkanikoak
Hauek dira Karakaten topa daitezkeen arroka bolkaniko mota nagusiak:
KOLADA PLANARRAK: Laba-metakinak dira, taula-formakoak. Hainbat metrotik hainbat dekametrora artekoa izan daiteke, eta arroka mota ugari biltzen ditu: laba besikularra, laba masiboa eta laba oso besikularra. Batzuetan laba eskoriazeoak eta maila hialoklastikoak ere eratzen dira. Malda gutxiko erliebeen gainean jario oparoak gertatzen direnean sortzen dira laba-metakin horiek.
- Laba besikularra: poroak edo barrunbeak ditu, labak duen gasa askatzean sortzen direnak, azkar hoztearen ondorioz. Besikulen tamaina ur-geruzaren presioaren araberakoa da; zenbat eta sakonera handiagoan, orduan eta txikiagoak dira.
- Laba masiboa edo zutabe-disjuntzioa: hozte-prozesuan zehar sortutako kontrakzioen ondorioz prisma edo zutabe forman pitzatzen diren laba trinkoak dira.
- Laba eskoriazeoak: labaren kanpoaldeko gainazala solidotu egiten da, baina, fluxuak jarraitzean, zarakarra ezkatatan hausten da, eta hoztean soldatuta geratzen dira.
- Arroka hialoklastikoak: ur azpian azkar hoztearen ondorioz beiratutako laba zatien aglomeratuak dira.
PILLOW-LABAK EDO KUXINDUN LABAK: ur azpiko jarioen forma bereizgarriak dira; labak ura ukitzen duenean, lobuluak sortzen dira. Barrutik kuxin formako labaz osatuta daude, eta material hialoklastikoaren oso ehuneko txikia dute. Kuxinen diametroa, batez beste, 40 cm-koa izaten da eta, banakako paketeen lodiera, 1 eta 90m artekoa. Hamarnaka edo ehunka metrotan sor daitezke. Jario-tasa neurriduna edo baxua denean eta erliebeak altuak direnean sortzen dira laba-metakin hauek. Hala, kuxin-formako laba-metakinak garatzen dira, pillow sumendiak izenekoak. Tokian bertan ere gara daitezke pillow-labak, laba planarren alboko bilakaeratik.
PILLOW-BRETXAK: klasto bolkanikoen pilaketa kaotikoek osatutako metakin masiboak dira.
BULKLANOKLASTITA GERUZATUAK: aurreko arroka bolkanikoen zatiekin osatutako arroka-metakinak dira (bulkanoklastoak edo piroklastoak), esaterako, jarduera bolkanikoak aldatutako errautsak, zepak eta substratu-arrokak. Hainbat kalibretako materialez osatuta daude, lohiaren tamainatik 40 cm-ra arteko klastoetara. Grabitatearen ondorioz mugitu eta metatu direla adierazten du haien barneko egiturak. Bulkanoklastoen ezaugarri petrologikoen arabera, bi motatakoak bereizten dira: eraketa goiztiarreko metakinak edo sinbolkanikoak, eta metakin berantiarrak edo postbolkanikoak.
Arroka bolkaniko mota horiek guztiak bata bestearen gainean pilatzen dira bertikalki, eta urpeko eraikin bolkanikoak eratzen dituzte. Horien azterketak erakusten duenez, urpeko jario magmatikoaren tasa progresiboki gutxitzen joan zen, isuri-fokuak gradualki ixten joan zirelako. Behin jarduera magmatikoa amaituta, itsasoko sedimentuak material bolkaniko horiei gainjartzen joan ziren. Horietako batzuk amiltzen joan ziren eta material sedimentarioen artean bilduta geratu ziren.
Karakateko antenen inguruan ikus daitezke laba masiboak, Pillow labak eta ehundura latzeko laba konpaktuak (trakita izenekoak). Eusko Jaurlaritzak Geologia Interesdun Lekuen (GIL, 41. zk.) zerrendan sartu du leku hori (www.euskadi.eus). Dena den, Pillow laba egitura berezienak Soraluzeko herrigunearen kanpoaldean ikus daitezke, Karakatera doan errepidearen hasieran. Leku hori ere Geologia Interesdun Lekuen zerrendan dago (37. zk.). Igoerako bide osoan zehar, Euskokantauriar arroko Kretazikoko gune bolkaniko hau definitzen duten ia elementu guztiak ikus daitezke (laba masiboak, pillow labak, metakin piroklastikoak…).