Kultura herrikoia
Euskal Herriko edozein herritan bezala, Soraluzen ere kultura herrikoia aberatsa eta anitza da. Asko dira hezkuntza sistema formaletik kanpo, herri identitatea iraikitzeko belaunaldiz belaunaldi transmititu diren jakintzak. Jakintza hauen helburuak, askotarikoak izan dira historian zehar, kasu askotan aisialdiari lotzen zaizkie, beste batzuk lan eta produkzio artistikoaren munduari lotzen zaizkie eta beste zenbaitek mundua ulertzeko ikaskuntza modura balio dute, Kasu gehienetan aurreko hiruren nahasketa bat izan ohi dira.
Aisialdiri lotutakoen barruan, musika adibidez herri identitatearen zati garrantzitsua dira, Soraluzen badira bertakoak diren hainbat kopla eta bertso, gehienak XIX. eta XX. mendean konposatuak, Nik Baditut Hiru Tatxa edo Amillategi eta Marixa esaterako. Beste zenbait kantu inguruko herrietan ere abestu ohi dira, doinuan eta letran tokian tokiko egokitzapenak gehituta, adibidez Aitxitxa eta Amama kantua.
Multzo honen barruan jolasak eta herri kirolak ere badira, haurren ikaskuntza eta sozializazioan ezinbesteko tresna izan direnak. Kasu honetan ere, zenbait jolas, inguruko herrietan ere jolasten ziren egokitzapen txikiekin, baina badira beste batzuk Soraluzen bakarrik ezagutu direnak, Maria Trebolinaka edo Txokolate Lapurretan jolasak esaterako. Azken hauek ingurune fisikoarekin erlazio estua dute.
Herri identitatearen zati garrantzitsua dira, herriko jaiak, ospakizunak eta ohiturak ere. Hauetako zenbait ohitura edo ospakizun, kultura herrikoiaren adierazpen zaharrenetarikoak dira, kristau kulturaren urretikoak, Aratusteak eta Gaztaiñerre adibidez, naturari lotzen zaizkio. Mota honetako ospakizunak Europa osoko herrietan aurki genitzake.
Garrantzi berezia dute baita, ipuin eta kondairek, denbora pasarako balio dute, baina kasu gehienetan, mundua eta errealitatea ulertu ahal izateko ikaskuntza gordetzen dute azpian. Sinesmen eta kulturaren transmisiorako tresna garrantzitsua izan dira ahozkotasunaren aroan. Batez ere mitologian oinarritzen diren kasuan, herri askotan antzeko bertsioak topa genitzake, Artzabalagako Gentilla edo Mugarriko Sorginak edibidez, beste batzuk, modernoagoak eta kalekoagoak direnak, Soraluzen soilik aurki genitzake, Eibarko Sorrera eta Colon Soraluzetarra adibidez.
Aipatzekoak dira ere artisautza eta produkzio artistikoak. Asko galdu diren arren, oraindik badaude lanbide zaharren jakintza gordetzen duten pertsonak, Aitor Amor esaterako. Makilgintza eta grabatugintzan maisua. Gure ama hizkuntza ere, Euskara, ezin dugu alde batera utzi. Gure hizkuntzaren aniztasuna ikaragarria da, eta herri bakoitzean bertakoak diren berba eta esamoldeak aurki genitzake, Soraluzen gertatzen den bezala.
Kultura herrikoia, herri identitatearen eraikuntzarako ezinbesteko tresna izan da. Gaur egun ere, inoiz baino globalagoa den mundu honetan, oso garrantzizkoa suertatzen da kultura herrikoiari duen garrantzia ematea eta lantzian behin herritar bezala, gure ekarpen txikia egitea, denon artean galdu ez dadin.
TESTUAK: Antton Alberdi.
MARRAZKIAK: Eñaut Aiartzaguena.