Ipuinak, kondairak eta esaera zaharrak

Ipuinak, kondairak eta esaera zaharrak

Soraluzen beste herri askotan bezala istorio eta ipuin herrikoi ugari daude.  Zenbait kasutan, jatorria denboran atzera galtzen da, beste batzuk ordea XX. mendean sortuak izan dira.

Kondaira zaharrak, kasu askotan, aiton amonek bilobei kontatzen zizkieten ipuinak dira, kutsu mitologikoa dute batzuek, baita kutsu erlijiotsua ere beste zenbaitek. Kasu askotan mitologiaren antzera, naturan eta gure ingurunean gertatzen diren hainbat fenomeno azaltzeko erabiltzen dira eta baita haurrei irakaspenak emateko ere. Aipatzekoa da, XX. mende hasieran, Barandiaranek herriko zenbait pertsona elkarrizketatuz egin zuen era honetako ipuinen bilduma. Ipuin hauek ahoz ahoko transmisioaren eta Euskal Herriko kultura herrikoiaren adibide garrantzitsua dira, nekazal giroan errotuak, adibidez, Hirukurutzetako Trikuharria edo Eguzki ipuinak.

Beste ipuin mota batzuk ere gorde dira, berriagoak eta nekazal giroari ez horren errotuak. Herrien arteko tira birak azaltzen dituzte zenbait kasutan eta duten helburua guztiz aisialdirako da, ez dute irakaskuntza xederik. Honen adibide garbia Eibarko Sorrera ipuinarena da.

Ipuin eta kondaira hauek, informazioaren ahozko transmisioa guztiz garrantzizkoa zeneko arokoak dira, teknologia berrien eta digitalizazioaren aurretiko garaietakoak hain zuzen eta bizimodu zahar horiek ulertzen laguntzen digute.

Aspaldiko kondaira zaharrek diote, Soraluzeko Hirukuretza mendiaren tontorrean badela trikuharri ezkutu bat, denboraren poderioz eroria eta lur azpian gordea, trikuharrian, lurperaturik urrezko kanpaia omen dago.

Duela urte asko, herritar talde batek,  aiton amonei entzundako istorioa egia ote zen jakiteko, bilaketa taldea osatzea erabaki zuten. Goizaldean, atxurrak, pikak eta palak hartuta, lau lagun udaletxe azpian elkartu ziren, Hirukurutzetara igo eta trikuharria bilatzeko asmoz.

Ordu beteko ibilaldiaren ondoren, mendi tontorrera heldu ziren. Bertan, goiz osoa bila eman ondoren, halako batean Martinek zera esan zuen:

– Lagunak etorri ona, uste juat zerbaitx aurkitxu dotela!
– Zer daok Martin? -esan zuen Mikelek.
– Harri handi bat topau juat, hemen azpixan zeoze egon leikela uste juat! -erantzun zion Martinek.

Denek jada urrezko kanpaia ikusten zuten esku tartean, irrikatan zeuden lurra altxatzen hasteko. Pikak eta aitzurrak erabiliz, harri handiaren inguruko lurra ateratzen hasi ziren.

Harria, uste zutena baino askoz handiagoa zen, agerian zegoen zatia, zati txiki bat baitzen soilik. 2 ordu lanean egon ondoren, konturatu ziren harri handi hura, trikuharri baten goialdeko harlauza zela.

Harlauza hura, handiegia zen beraiek mugitu ahal izateko, beraz, Edurdungo baserrira joatea erabaki zuten bertako idiak eskatzeko asmoz, harri erraldoia mugitu ahal izateko. Idien jabeari, urrezko kanpaia saldu ondoren, sariaren zati bat eskaini zioten animaliak uztearen truk. Joxek, pozik onartu zuen tratua, baina ez zela beraiekin joango esan zien:

– Tratua ondo iruditzen jatak, baina ni enok jungo hara gora, badakizue trikuharrixak zabaltziak sorte txarra ematen dabela, hilobi sakratuak ditsuk eta hor eskua sartzia ez daok ondo. Zuek ikusi, idixak bueltan ekarri behintzat.

Lagunek, ez zioten Joxeri jaramonik egin, altxorra bilatzetik oso gertu zeuden eta ez zeuden prest muzin egitera. Bilaketarekin jarraitzea erabaki zuten.

Heldu ziren berriro trikuharria zegoen lekura. Sokak erabili zituzten idiak harlauz handiari lotzeko. Dena prest zuten harria mugitzeko. Idiak zirikatzen hasi ziren tiraka hasi zintezen. Estutu ziren sokak, zarata entzuten zen, idiak tiraka eta tiraka, harlauza mugitzen hasi zen. Denak, azpian zegoena ikusteko irrikaz zeuden.

Bat-batean, esku iletsu  bat ikusi zuten harlauzaren azpitik irteten. Lagunak, izuak jota pauso bat atzera eman zuten. Giza itxurako munstro bat irten zen zulotik.  Buruan adarrak zituen eta hankak ahuntzaren itxurakoak. Honela esan zien:

– Nor ausartu da hilobi sakratu hau zabaltzen! Alde segitxuan hemendik bestela akatuko zaitxuztet!

Lagun taldeak bitan pentsatu gabe hanka egin zuen, atzera begiratu gabe.

Iturria
Trikuharri honetan urrezko kanpaia gordetzen omen da. Behin batean bila joandako gizonek ezin zuten handik atera: barrutik irten zitzaien gizafigurako monstruo batek, buruan adarrak eta ahuntzaren ankak zituela, eragotzi zien eta.
(F. de Aritzagak kontatuta 1917n, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa)

Herriko nagusiek kontatzen duten bezala, duela ehunka urte, Eibarko herria eraikitzea erabaki zen. Soraluzeko eta Ermuko herriak jada eginda zeuden eta bertako biztanleek Eibarko hiribildua sortzea erabaki zuten, Villanueva de San Andres de Eibar izenekoa.

Beraz, lana nola egin erabakitzen hasi ziren. Honela, Soraluzeren eta Ermuaren kokapena kontuan hartuta, herri bakoitza bere hertzetik hasiko zen lanean; Soraluze ekialdeko ertzetik eta Ermua mendebaldekotik.

Hasi ziren lanean herritarrak, bakoitza bere aldetik. Ermuarrek, egun asko pasa ondoren, ez zuten lan askorik egin eta beraz ixa hasi egin zuten, Isasi. Soraluzetarrek ordea, lana gogor egin zuten eta egun gutxiren ondoren, hasi ta ein egin zuten, Azitain.

Iturria
Garai batean, Soraluze eta Ermua sortuak zirela, elkarrekin Eibarren hiribildua sortzea erabaki zuten, Villanueva de San Andres de Eibar izenekoa. Eta herri bakoitzak lanari bere aldetik ekin zion: ermuarrak ez zuten gogor egin, ixa hasi egin zuten, eta hortik Isasi izena. Soraluzetarrak, berriz, bestelakoak ziren: hasi eta ein, Azitain izenaren jatorria.

Behin bazen Garbanzito izeneko mutiko bat. Oso mutiko txikia zen, “berduritas” jaten ez ebalako. Ama oso triste eta oso haserre euan.

Egun batetan, amari erosketak eitxia ahaztu ein jakon. Eta ezin eban bazkarixa prestatu.

– Zein juango da koperatibara?- galdetu eban amak.
– Neu, ama, neu!- esan otsan Garbanzitok.

Garbanzito kooperatibara juan zan, bere abestixa kantatzen. Txoritxuak be, berarekin kantatzen eben. Koperatibara sartu eta Karmenek ez eban ikusi, oso txikixa zalako. Hala ere, erosketak oso ondo ein zotsazan amari.

Etxera zijuala, eurixak arrapatu ein eban. Txikixa izango zan, baina argixa be! Garbanzito aza orri baten azpian izkutatu ein zan.

Bertatik pasatzen zan behi goseti batek “KLAUSK!” eta irentsi ein eban aza orria, Garbancito eta guzti. Behiaren tripa oso iluna zan. Eta bakarrikan zala ta, Garbanzito ikaratu ein zan.

Bazkaltzeko orduan Garbanzito ez zan etxera ailegatu. Ama eta aitxa kezkatu ein ziran. Oso oso triste jarri ziran, bila eta bila.

Arratsaldian, digestiua einda gero, behiak askatu ein eban barrukua, kaka ein eban. Eta Garbanzito han agertu zan!

Aitxa, Garbanzito bila zebilala, oihuak entzun ebazan. Kaka pilotik zetozen! Bertara juan eta han euan Garbancito, kakamokordo erdi erdian! Aitatxo oso pozik jarri zen. Etxera eruan eban Garbanzito eta han garbitu ein eben.

Ordutik aurrera, Garbancitok “berduritas” eta beste gauza asko jaten zittuan. Gero eta haundiago euan eta ama oso pozik euan. Ez zan berriro Garbanzitorekin haserre, motibo horrengatikan behintzat.

Iturria
Bein bazan Garbancito izeneko mutiko bat. Oso mutiko txikixa zan, verduritas jaten ez ebalako. Ama oso triste eta oso aserre euan.
Egun batetan, amari erosketak eitxia aztu ein jakon. Eta ezin eban bazkarixa prestau. “Zein juango da koperatibara?” galdetu eban amak. “Neu, ama, neu!” esaotsan Garbancitok.
Garbancito koperatibara juan zan, bere abestixa kantatzen. Txoritxuak be, berarekin kantatzen eben. Koperatibara sartu eta Karmenek ez eban ikusi, oso txikixa zalako. Hala ere, erosketak oso ondo ein zotsazan amari.
Etxera zijuala, eurixak arrapatu ein eban. Txikixa izango zan, baina argixa be! Garbancito aza orri baten azpian izkutatu ein zan.
Bertatik pasatzen zan bei goseti batek “KLAUSK!” eta irentsi ein eban aza orria, Garbancito eta guzti. Beiaren tripan oso iluna zan. Eta bakarrikan zala ta, Garbancito ikaratu ein zan.
Bazkaltzeko orduan Garbancito ez zan etxera ailegatu. Ama eta aitxa kezkatu ein ziran. Oso oso triste jarri ziran, bila eta bila.
Arratsaldian, digestiñua einda gero, beiak askatu ein eban barrukua, kaka ein eban. Eta Garbancito han agertu zan!
Aitxa, Garbancito bila zebilala, oiuak entzun ebazan. Kaka pilotik zetozen! Bertara juan eta an euan Garbancito, kakamokordo erdi erdian! Aitatxoa oso pozik jarri zen. Etxera eruan eban Garbancito eta an garbitu ein eben.
Ordutik aurrera, Garbancitok verduritas eta beste gauza asko jaten zittuan. Gero eta aundiago euan eta ama oso pozik euan. Ez zan berriro Garbancitorekin aserre, motibo orrengatikan beintzat.
(1960. urte inguruan Ignacia Mugicak kontatua)

Artzabalagako parajean, Jentil bat bizi omen zen bere alabarekin. Jentilak mendian bizi diren indar izugarridun gizonak dira, aspalditik egon dira mendi aldean eta ezkutuan bizi izan dira, ez zaie gustatzen herritarrekin nahastea. Egun baten, Artzabalagako jentila garia batzen ibili omen zen, idi larrua bete zuenean etxe aldera joatea erabaki zuen.

Bidean zihoala bere alabarekin topo egin zuen eta honela esan zion alabak:

– Aita, atseden hartu ezazu ura edan artean.
– Atsedena zer den jakin banu, horrenbeste gari ekarri ahal izango nuen? – erantzun zion aitak.

Alabak, buru gainean zeraman suilatik ura eskaini zion eta aitak estalkia irentsi zuen urarekin batera.

– Non dago estalkia? – galdetu omen zion alabak.
– Ale bat irentsi dudala iruditu zait! – erantzun zion aitak.

Iturria
Artzabalgo (Arzabalaga?) jentila gari bila joan omen zen. Gariz betetako idinarrua zekarrela bere alabarekin topo egin zuen eta honek esan zion: “Atsedena hartu ura edan artean” “Atsedena zer den jakin izan banu beste horrenbeste gari ekar izan nezakeen”. Alabak buru gainean zeraman suilatik eskeini zion ura eta aitak estalkia irentsi zuen urarekin batera.
“Nun dago estalkia?” galdetu omen zuen alabak. “Ale bat irentsi dudala iruditu egin zait!” aitak erantzun zion.
(1920, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa)

Iluntzerakoan eguzkiari agurra igortzen zitzaion. Honelaxe hasten zen: “Eguzki amandrea badoia bere amangana…”

“Izena doon guztie emen da”, dio esaera zaharrak.

Behin baten, Mugarri baserriko Martin, Untzeta baserrira joan omen zen morroi lanak egitera, garia urkultzera.

Egun osoa lanean pasa zuen eta gaua heldu zenean, etxera bueltatzeko ordua heldu zen. Bere gauzak zorroan batu ondoren bideari ekin zion, ordu beteko bidea zuen aurretik.

Gau lasai azen. Basoko animaliak entzuten ziren soilik.

Etxetik gertu zegoela, iluntasunaren erdian, Mugarri txabola parean, ahotsak  entzuten hasi zen, baita su baten distira ere. Hasieran beldurtu egin zen, – zer izango ote da? –  galdetu zion bere buruari. – Agian sorginak izango dira. – pentsatu zuen.

Gehiago gerturatu zen, orduan ikusi zuen argi zer zen hura; sorgin multzo bat zegoen zelaiaren erdian, korroan salto, dantza eta kanta zebiltzan. Dantzara gonbidatu zuten Martin eta sartu egin zen sorgin artera.

Nekatu zirenean, dantza egiteari utzi zioten. Gero ur freskoa eskaintzen hasi ziren, oso polita zen edalontzi batean.

Edalontzia eskuz esku pasatzen zioan, Martinen txanda heldu zenean, esku artean hartu zuen edalontzia eta ezpainetara eraman aurretik, usadio kristaua jarraituz, aitaren egin zuen.

Bat-batean, bere harridurarako,  inguruan zituen sorginak desagertu egin ziren. Zelaiaren erdian bakarrik gelditu zen edalontzia eskuetan zuela.

Sorginen edalontzia, Mugarri baserrian gordetzen omen da oraindik.

Iturria “Izena doon guztie emen da”, esaerak dio. Mugarri baserriko gizon bat Untzetara joan zen peoi, garia urkultzera. Gauez etxera zetorrela Mugarri txabola ondotik pasatzerakoan sorgin multzo bat ikusi zuen, korroan. Dantzara konbidatu zuten eta sartu egin zen. Nekatu zirenean, dantza egiteari utzi zioten. Gero ur freskoa serbitzen hasi ziren oso polita zen edalontzi batetan. Bere txanda heltzerakoan, baserritarrak edalontzia hartu egin zuen eta aitaren egin zuen, ohi zuenez, ezpainetara eraman baino lehen. Bapatean sorginak bere begi-bistatik desagertu egin ziren, zelai erdian bakarrik uzten eta edalontzia oraindik eskutan. Sorginen edalontzia Mugarri baserrian gordetzen omen da oraindik. (N. Gantxegik kontatuta, 1920, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa)

Eibarko zezen plazan, orain dela hamarkada asko gertatu zen istorio hau. Eibarko zezen plaza inguruan oilategi pila omen zeuden eta zezenketak zauden egun baten, inguruan zebilen txita bat irten zen plaza erdira. Orduan, herriko alkateak honela esan zuen:

– Kenduizue oilo hori plaza erditxik mesedez! 

Ondoan zegoen Soraluzetar batek, Eibartarren izaera harroputzari erreferentzia eginez esan omen zuen:

– Eibarko txitia beti oilo! 

Iturria
(N. Gantxegik kontatuta, 1920, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa)

Zorristro, Plaentxian bizi izan zen gizon bat zen. Hain zen zikina eta horrenbeste zorri omen zituen buruan non Zorristro deitzen zioten. Herritarrak kokoteraino zeuden Zorristro ez zelako inoiz dutxatzen eta denak zorriz betetzen zituelako. Honela,  ufala zegoen egun batean, ibaira botatzea erabaki zuten. Eta baita egin ere.

Denen artean altxatu eta ibaira bota zuten, -bukatu dira zorriak- pentsatu zuten, baina bat batean, uretatik irteten Zorristroren burua agertu zen, eskuak bertan zituela zorriak kentzen.

Iturria
(1970an Angel Albedik kontatua eta Fernando Alberdik jasoa)

Cristobál Colón “Amerika aurkitu zuena” Soraluzen jaio omen zen, Sologoen baserrian zehazki. Bere benetako izena, Kristobal Maiztegi-Larreategi, Lakurain eta Sologoen omen zen, inoiz ez zuen bere benetako izena erabili horrek arazoak ekarri lekizkiolako, familia garrantzitsu batetik omen zetorren, etsai asko zituena.

Askok diotenaren aurka, Italiarra zela edo Portugaldarra, Colón Euskalduna omen zen. Txikitan, Elorriora eraman omen zuten ikastera eta ondoren Italiara itsas gizon izateko ikasketak egitera. Azkenean, Errege Katolikoen laguntzapean mundu osoan zehar ibili zen lurralde berriak aurkitzen.

Guzti honen lekuko, erdi aldeko Ameriketan aurki genitzaken jatorri euskalduneko lekuen izenak dira, irla, portu, ibai edo mendienak.  Adibidez: Zugasti, Urre, Zuai, Txiki, Arana, Kai, Karramarro, etb.

Iturria
(Colon Vizcaino, Paco Vargas, 1936 Salamanca)