Festak, jaiak eta ospakizunak
Gure herrian badira hainbat festa eta ospakizun garrantzitsu, batez ere herriko jai nagusiak, Santiago Santa Ana Jaiak eta Andra Mariak. Jai hauek ondo pasatzeko sortuak izan ziren eta urteetan herri komunitatearen batasuna indartzeko balio izan dute.
Bestalde, badira beste ospakizun batzuk jatorri zaharragoa dutenak eta aisiaz gain, beste helburu batzuk dituztenak, naturari eskakizunak egin edo urtaro berriei ongi etorria emateko, adibidez, San Juan Suak edo Gaztañerre Eguna esaterako. Aratusteak bezala, mota honetako jaiak Europa osoko herri askotan aurki genitzake, kristau aurreko kultura zaharren hondarrak baitira.
Soraluzeko berezko jaiak, edo modu batera esanda festa nagusiak bi izan dira historian zehar, batetik Santa Ana Jaixak, eta bestetik Andra Mariak. Andra Mariak, Andra mari, San Roque eta San Roque Txiki egunetan ospatzen direnak, Abuztuaren 15, 16 eta 17 egunetan dira. Santa Ana Jaixak berriz, Uztailaren 25 eta 26an ospatzen dira, Santiago eta Santa Ana egunetan. Bi festa nagusiak aspalditik ospatu izan ohi dira herrian, baina garaien arabera, batak besteak baino garrantzi handiagoa izan du.
Testu zaharren (Ramiroren liburuko testua sartu biltegian, caza y pesca) arabera, badakigu Santa Ana jaiak XVII. mendean jada ospatzen zirela eta jai garrantzitsuak zirela. Hala ere, denboraren poderioz Santa Ana Jaiak zuten ospea galtzen joan ziren XX. mendean berriro indarra hartu zuten arte. Tarte honetan, Andra Mariek indar gehiago hartu zuten, herriko jai nagusiak bihurtuz.
Garai horretan, herritarrak ez ziren abuztuan oporretara joaten, ez baitzuten oporrik, eta ondorioz abuztuan herria jendez gainezka egon ohi zen, hortik Andra Marien arrakasta. 70. Hamarkadatik aurrera ordea, indarra galdu zuten jende asko herritik kanpora irteten hasi zelako abuztuko oporretan. Gaur egun, Santa Ana Jaiak dira herriko festa garrantzitsuenak.
Duela ehunka urtetatik gordetzen den festei lotutako ohitura bakanetakoa soka-muturrarena da; zezena lepotik sokari lotuta plazara ateratzea. Gaur egun ez da soka erabiltzen, baina bai Santa Anetan eta bai Andra Marietan, oraindik zezena plazara ateratzen da.
Gazatañerre, Soraluze eta Eibarko jatorrizko festa da, ez da beste inon ospatzen Euskal Herrian. Eguna jatorriz, Azaroko Santu Guztien egunaren ondorengo bigarren Astelehenean ospatzen zen. Ez dakigu noiztik eta ezta ere zein den bere jatorria. Aurrerago kutsu erlijiotsua hartu zuen arren, uste da, bere hasietako jatorria udazkeneko solstizioaren ospakizunean egon daitekeela.
Orduko ospakizuna, familiarekin, lagun artean edo lankideekin afari oparoa egitea izan ohi zen, bakailaoa, karakolak, etb., jaten ziren eta postre modura gaztainak. Aurrerago gaztainak jatearena desagertu egin zen, gaztainondoak gupida gabe moztu baitziren.
Egungo garaietan asko aldatu da ospakizun hau eta hasiera bateko zentzua guztiz aldatu zaio, usadio guztiekin gertatzen den bezala, denboraren poderioz aldatzen doaz, garaiko behar eta ohiturei egokitzeko.
Orain, Gaztainerre egunean, Erregetxean feria egiten da; herriko baserritarrek beraien produktuak aurkeztu eta saltzeko aukera izaten dute, baita herriko artisauek ere. Hau goizean izaten da, ondoren bazkariak egiten dira eta gauean festarekin jarraitzen da kaleetan. Azken hamarkadan indar handia hartu duen festa bilakatu da Gaztainerre edo Animen Eguna.
Aratusteak, lehenengo dokumentuen arabera, gutxienez erdi arotik Europa osoan ospatu diren jaiak dira. Garai horretan, kutsu erlijiotsua hartu zuten arren, badakigu aurretik ere ospatzen zirela eta kristau erlijioaren zabalkuntza aurretiko jaiak direla. Duela milaka urte, Erromatar inperioaren garaietan eta baita Egipto zaharrean ospatzen baitziren antzerako jaiak. Aratusteak edo inauteriak, egungo garaietara heldu diren festa pagano bakarretakoak dira, kristau aurretikoak hain zuzen.
Euskal herrian badira kristau aurretiko ohiturak eta sinbologia gordetzen dituzten Aratusteak; Lantz edo Iturengoak Nafarroan edo Mundakakoak Bizkaian. Iñauteri hauetan, herritarrak kultura herrikoiarekin eta mitologiarekin lotutako pertsonaiez mozorrotzen dira, Miel Otxin eta Ziripot adibidez.
XIX. mendetik aurrera Aratusteek kutsu hiritarragoa hartu zuten, mitologia eta naturarekin zer ikusia zuen kultura nekazal gune eta herri txikietara mugatuz. Ala ere, gaur egun, Festaren oinarria hasierakoarenaren berbera izaten jarraitzen du; mozorrotzea eta ondo pasatzea.
San Blas eguna ospakizun garrantzitsua da aspalditik Soraluzen, baita Eibarren ere. Otsailaren 3an ospatzen da. Ezin da jakin zergatik hartu zuen horrenbesteko ospea San Blas egunak, baina badu berezitasun bat herritarrentzat oso erakargarri egiten duena; San Blas opila.
Garai batean, anisdun opilak etxe gehienetan egiten ziren, ondoren elizara eramateko bedeinkatzera. Tradizioaren arabera, eztarriko gaitzen aurkako sendagaia omen da bedeinkatutako San Blas opila. Egun horretan, herritarrak, beraien opilak zapi edo trapuetan batuta, kalera irteten dira, elizara joan eta bedeinkatzeko. Lepoan jartzeko lokarriak ere bedeinkatzen dira eztarriko gaitzak uxatzeko.
Santa Ageda Bezpera, Otsailaren 4ean ospatzen da Euskal Herriko herri askotan. Baserri girokoa eta kutsu erlijiotsua duen usadioa da, jatorria eta noiztik ospatzen den ez dago argi. Oinarria, Ageda Deunari ohore egitean datza; etxez etxe Santa Agedaren koplak abesten dira, dirua, jana eta edana eskatuz. Soraluzen, Santa Eskia ere deitzen zaio. Normalki baserritarren jantzi tradizionalak erabili ohi dira Santa Eskian ibiltzeko. Festak badu beste berezitasun bat, koplak, makilak lurrean erritmikoki kolpatuz laguntzen dira.
Koplak
Zorion, etxe hontako denoi Oles egitera gatoz, aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz. Ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz. Baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz.
Santa Ageda bezpera degu Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua deguna. Santa maitea gaur hartu degu gure bideko laguna. Haren laguntzaz bete gentzake egun hontako jarduna.
Ezozi, San Andres, Txurruka, Irure eta San Martzial auzoetako bizilagunek ere urtero ospatzen dituzte beren festak. Aipatzekoa da duela urte batzuetatik hona Ezoziko jaien bezperan Erromeria Eguna berreskuratu dela, usadio zaharrak berrituz.
Lehenengoek, ekainean ospatzen dituzte festak, uztailean San Andres eta Txurrukakoek, abuztu hasieran Irurekoek eta, azkenik, irailean, San Martzial auzokoek. Azken urteetan herri guneko auzoetako jaiak ere indarra hartzen hasi dira. Horren adibide dira Errekalde eta Gipuzkoa Etorbideko Mesedeetako Jaiak.