Jolas eta kirol herrikoiak

Jolas eta kirol herrikoiak

Joko zaharrak herri identitatearen eta oroimenaren zati garrantzitsua dira, normalki haurtzarotik helduarora garbien iristen diren oroitzapenak izanik, hortaz duten garrantzia aintzat hartzekoa da.

Atal honetan aurreko mendean herriko kaleetan ikusgarri zeuden jokoak azaltzen dira. Joko hauek kanpoan egiten ziren, baliabide material urriekin eta askotan kale eta enparantzen formak eta egiturak baliatzen ziren jokoaren ardatz bezala. Maria Trebolinaka edo Txokolate Lapurretan dira ingurunearen erabilpenean oinarritutako jokoen adibide garbia.

Jolas hauetako asko trebetasun fisikoetan oinarritzen ziren eta hezkuntza fisikorako baliabide ezin bestekoa ziren. Urteetan zehar aldatzen joan dira aisialdirako ohiturak, gaur egun gehiago lotzen dira teknologia berriei eta digitalizazioari, ala ere, kalean joko asko ikus daitezke oraindik garai batekoen antzekoak.

  • Tokia: Plaza berria.
  • Materiala: Ez da behar.
  • Adina: 4 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: Egokiena 5 eta 10 artean.

Joko hau Plaza Berrian jolasten da, harrizko zoruak duen formak ematen du bertan jolasteko aukera. Zorua ikusten badugu, bi gune bereiz daitezke, batetik porlan leunezko harria, bere erdiko gunea eta zeharkako bideekin, eta bestetik, ibaiko harriz egindako zorua, bideen tartean gelditzen dena.

Plaza Berria. Argazkia: plaentxia.eus

Paga den partaidea, deskribatutako lehen gunean dago, ezin da bertatik irten, beste partaide guztiak ibaiko harriz eginiko gunean egongo dira. Bigarren hauek, ezin dute gelditzen denaren lur zatia zapaldu, beraz bideak salto egin beharko dituzte. Zapaldu ditzaketen bide bakarrak, zabalenak dira eta beti ere, txokolate lapurretan pasa hitza esan ondoren. Alderantziz ere gertatzen da, erdian dagoenak ezin du libre daudenen gunea zapaldu.

Gelditzen denaren egin beharra, libre daudenak harrapatzea da, hau gertatzen bada edo libre dagoen batek bide zabal bat pasa hitza esan gabe igarotzen badu, erdira joango da lehenarekin. Pixkanaka harrapatzaileen taldea handituz joango da.

Libre dauden partaide guztiak harrapatzen direnean, jokoa amaitu egiten da eta lehena harrapatu dutena geldituko da erdian jokoa aberriz hasteko.

  • Tokia: Edozein.
  • Materiala: Ez da behar.
  • Adina: 5 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: Ez da zehatza, geroz eta partaide gehiago hobeto.

Txorromorro jolasa zaharra da Euskal Herrian, talde jolasa da eta taldea handia bada egokiagoa da. Lehendabizi ama bat aukeratu behar da eta ondoren bi talde egin zozketa baten ondoren. Azkenik zozketa bidez libre izango den taldea aukeratu behar da.

Jolasa hasteko, ama eskailera edo banku baten jarri behar eta paga direnen taldeko partaide bat, makurtuta, amaren hanka tartean bere burua sartuko du. Paga diren gainontzeko jokalariak, ilaran eta makurtuta lehengoaren hanka tartean sartuko dute burua eta eskuekin izterretatik helduko diote.

Umeak Txorromorro jolasean

Ilara prest dagoenean, libre daudenak banan banan, paga direnen gainean salto egin beharko dute toki guztiak bete arte. Gainera, salto egiten dutenek ezin dute alboetara erori, ezta hankak azpikoaren hanka tartean gurutzatu, hau gertatuz gero libre dagoen taldea paga izatera pasako da. Bestalde, azpian dagoenak ukas egiten badu, hau da, pisuari ezin eutsita lurrera erortzen bada, jokoa berriro hasiko da hasieratik.

Honela, ez badago arazorik eta partaide guztiak beraien tokietan badaude, libre dagoen ilarako lehengoak keinu bat egingo dio amari atzamar batekin eta azpian dagoenak asmatu egin beharko du ikusi gabe. Atzamar bakoitzak izen berezia dauka: Txorro da lodia, Morro erakuslea eta besteak jarraian, Piko, Tailo eta Ke.

Erakutsi duen atzamarraren izena asmatzen badu, rolak aldatu egingo dira eta paga zirenak libre izatera pasako dira. Ez badu asmatzen jokoa berriz hasiko da. Asmatzea errazagoa izan dadin 3 hatz erabili daitezke eta baita nahi dioten izenak eman.

  • Tokia: Plaza zaharra.
  • Materiala: Ez da behar.
  • Adina: 4 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: 5 gutxienez.

Plaza zaharrean badira lau zuhaitz (plataneroak) lauki bat osatzen dutenak,  horien azpian, zuhaitzarentzako lurra gordetzen duen borobil itxurako harrizko itxitura dago. Hau da jolasteko aukera emango digun tokia.

Plaza Zaharreko zuhaitzak. Argazkia: plaentxia.eus

Zuhaitz bakoitza, libre daudenen gotorlekua izango da, bertan ezingo dira gordeta. Harrapatzailea zuhaitzen artean egongo da eta bere egin beharra, libre daudenak harrapatzea izango da zuhaitz batetik bestera pasatzen direnean.

Norbait harrapatuz gero, hau erdian geldituko da eta harrapatzailea zena libre izatera pasako da bere zuhaitza hartuz. Ezingo dira inoiz bi pertsona zuhaitz batean egon.

  • Tokia: Eliz ataria.
  • Materiala: Ez da behar.
  • Adina: 10 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: 5 gutxienez. Egokiena 8/10 partaide izatea da.

Jolas hau eskudelak dauden edozein lekutan jolastu daiteke, baina eliz ataria toki egokia da, eskailerak eta altuera ezberdineko guneak daudelako.

Jokoa oso sinplea da, harrapaketa joko bat da.  Harrapatzaileak ezin ditu eskudelak igaro, baina libre daudenek ordea bai. Harrapatzaileak korrika azkar egin beharko du libre daudenak ukitzeko, eta batez ere eskudelak igarotzen dituzten momentuak baliatu, bere zailtasuna bait dute eta  altuera handiko pareta gainditu beharra dagoelako. Askotan libre daudenek, eskudelak igarotzea elkarri galarazten diote, zailtasuna areagotuz, horregatik da garrantzitsua partaide kopurua 8/10 artekoa izatea.

Kontuz ibili behar da erorketekin, minik hartu gabe.

  • Tokia: Plaza berria.
  • Materiala: Ez da behar.
  • Adina: 6 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: 5 gutxienez.

Kooperatiba aurrean jokatzen zen, Plaza Barrixaren harmailan. Jolasa hasteko, lagun talde bat toki horren inguruan zegoenean, inork “mária trebolinaká” abesten bazuen, eta arrakasta bazuen, denak irteten ziren korrika kooperatiba aldera, “maria trebolinaka” abesten edota txilioka, abade etxe eta kooperatiba artean zegoen burdin bat ukitzera (garai baten zaldiak edota astoak lotzeko uztaia zegoen bertan). Azkena heltzen zena “paga” izaten zen, harrapatzaile.

Plaza Berriko harmaila. Argazkia: plaentxia.eus

Esandako moduan, jolasa Plaza Barriko harmailan gora eta behera egiten zen. “Paga”k bi ertzetatik bakarrik igo edo jaitsi zitekeen (Kalebarren etxeko ondotik edota plazako eskilaretatik), eta gainontzekoak edozein tokitik. “Paga”k inor ukitu ezkero, beste hau izaten zen hurrengo harrapatzailea. Burdina ukitzera joan behar zen aurretik eta jolasa hasten zen berriro.

  • Tokia: Eliz ataria.
  • Materiala: Tronba edo ziba.
  • Adina: 6 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: 3 gutxienez.

Egurrezko zibak erabiltzen dira joko honetan eta eliz atarian jolasten da, bertako lurra harlauza handiz egina dagoelako.

Eliz atariaren erdian dagoen harlauzan dantzatu beharra dago tronpa, behintzat zorua ukitzen duen lehen kolpean. Norbaitek ziba bota eta ez badu harrizko laukiaren barruan sartzen edo dantza ez badu egiten, bere ziba laukiaren erdian jarri beharko du.

Partaideak txandaka dantzatzen dute beraien tronpa eta bota ondoren gelditu arte itxoin behar dute. Helburua bestearena kolpatzea da eta lortu daitekeen gauza onena bestearen ziba apurtzea da, oso gutxik lortzen dute hau, soilik trebeenek. Erdian ez badago zibarik, dantzan daudenak ere kolpatu daitezke, dantzan dagoen ziba ukituz gero ez da derrigorrezkoa norberarena dantzatzea, ontzat ematen da.

  • Tokia: Eliz ataria.
  • Materiala: Ez da behar.
  • Adina: 6 urtetik aurrera.
  • Parte hartzaile kopuru: 2 gutxienez. Egokiena 5/7 partaide izatea da.

Eliz atariko eskaileretan jolasten da, frontoiko aldaparen parean geratzen diren eskailera zabaletan. Harrapatzailea eskaileren azpi aldeko tartean egoten da eta aginduak ematen ditu. Gainontzeko jokalariak eskaileren gorengo aldean kokatzen dira jolasari hasiera emateko.

Eskailera bakoitza asteko egun bat da: goitik hasita eta ordenan, astelehena, asteartea… horrela igandera arte. Eta igandearen ostean, azpiko tartea, laugunea infernua da.

Horrela, harrapatzaileak aginduak ematen ditu: adibidez, pauso batean asteazkena. Bi pausotan, igandea. Pauso batean, osteguna. Bi pausotan astelehena… eta halako batean, larunbata edo igandean gaudela INFERNUA! oihukatzen du. Orduan, jokalari guztiek beheko laugunea ukitu behar dute hanka batekin eta antxitxika goraino igo. Momentu horretan harrapatutakoa harrapatzaile bihurtzen da.